Rocka, gau eta egun

Erabiltzailearen aurpegia Oier Bravo 2016ko uzt. 14a, 10:54
Gazterock udalekuetako entseguetako bat / Gazterock

Aisia eta musika elkartuta, erreferentziako udaleku bilakatu da Araba eta kanpoko gazteentzat Gazterock; berrogeita hamar ikasle baino gehiago izan dira aurten Hell Dorado aretoak antolatutako ekinaldi musikalean

 

Askorentzat musika bizitzaren zati garrantzitsu bat bada ere, haren inguruko jarduerak ez dira horren ohikoak gure bazterretan. Gazteentzako musika udalekuak, esate baterako, orain gutxi arte ezezagunak ziren gure inguruan. "Duela zortzi urte Gazterock agertu zen arte ez zegoen horrelako ezer inguruan, aitzindariak gara horretan ez bakarrik estatu mailan, Europa mailan ere bai", esan du harro Gazterock udalekuen koordinatzaile den Dorleta Martinez de Aramaionak.

Gazteriaren Foru Erakundeak eta Gasteizko Hell Dorado aretoak antolatzen duten ekintza honetan parte hartzen duten 55 gazteei –Araba, Gipuzkoa, Madril, Galizia eta Melillakoak izan dira oraingoan– musikan murgiltzeko aukera eskaintzen die, hamabi egunez eta ia 24 orduz. Lehenengo egunetan haien artean lau edo bost laguneko taldeak sortu eta udaleku osoan zehar hainbat abesti prestatzen dituzte, azken egunean Hell Dorado aretoan zuzeneko emanaldi bat eskaintzeko.

Udalekuak irauten dituen hamabi egun horietan zehar gazteak Santa Maria katedraleko aterpean bizi dira begiraleekin batera. Bertan, eta musika udaleku guztiaren ardatza den arren, beste hainbat jarduera eta tailer egiten dituzte egunero, musika talde baten marketinarekin lotutakoak, batez ere: argazkilaritza, produkzioa edota irudi baten sorkuntza, adibidez. Horrez gain, museoetara, hondartzara eta baita kontzertuetara ere joaten dira; izan ere, udalekuak diren bitartean Jazzaharrean jaialdia izan dela aprobetxatuz, programa honen musika emanaldiak ikustera joan dira.

Celia Martinez, esate baterako, Madrildik Gasteizera datorren bigarren urtea da. Pasa den urteko esperientzia oso aberasgarria izan zen berarentzat, eta horregatik bueltatu da aurten Gazterockera: "Aurreko urtetik hamar bat lagun ezagutzen ditut, baina jende berriarekin ere oso gustura nago; asko gustatzen zait jendea ezagutzea". Dorleta Martinez de Aramaiona koordinatzaileak gazteek askotan errepikatzen dutela esan digu: "Batzuk hiru bider etorri dira, eta adina dela eta etortzeari utzi behar izan diote, bestela, hemen edukiko genituen berriro".

Zizurkildik etorritako Mikel Arrate, aldiz, Gazterockera etorri den lehenengo aldia da, eta "oso gustura" dago. Nahiz eta inongo musika tresnarik ez duen jotzen, betidanik gustatu izan zaio musika eta rocka: "Orain talde honetan ikasten ari naiz baxua jotzen". Hamabi egun ikasten egon eta gero, bere taldekideekin batera Eskorbutoren Historia triste eta Kaotikoren Otra noche jo dituzte, besteak beste, udalekuen azken egunean egiten duten kontzertuan.

Lau edo bost pertsonen talde bakoitzak musika-jole profesional bat hamabi egunez haien ondoan izateak izugarrizko hobekuntza izatea dakarrela dio Martinez de Aramaionak, Mikel Arrateren antzera musikaren inguruko ezagutzarik eduki gabe ailegatzen direnentzat esaterako.

Talde lana, ardatza

Gazteen arteko kolaborazioa eta elkarlana da begiraleek Gazterocken parte hartzen duten gazteengan  nabarmendu nahi duten balorerik garrantzitsuena: "Gaur egun bizi garen gizarte indibidualistan askotan laguntza eta talde-lanaren izpiritua galtzen dela dirudi, baina hori horrela ez dela ikusteak ere asko pozten nau", aitortu du Dorleta Martinez de Aramaionak. "Talde-lanaren beharra eta garrantzia antolatzen ditugun jarduera guztietan islatzen saiatzen gara".  

Udaleku hauetako partaide guztiak talde lanean murgildu ahal izateko, bakoitzaren gustuetara moldatzea beharrezkoa izaten da beti, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Hau dela eta, rocka zentzu zabal batean ulertzea beharrezkoa izaten da beti: "Guk ere bertan sartzen ditugu bluesa, popa, funka eta baita rapa ere".  Musika da ardatza, eta instrumenturik jotzen jakin ez arren zaletasuna erakusten dutenentzat txoko aproposa dela gogoratu dute. 

Rocka bizimodua da askorentzat, zergatik ez udan ere bizimodu hori bera mantendu?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide