Xakean berdintasuna sustatzeko kultur jaialdia abiatu da Gasteizen

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 11a, 18:22
Judit Polgar xake jokalaria

Expochess 2016 uztailaren 30era bitartean ospatuko da Gran Hotel Lakuan. Besteak beste, Emakumeen berdintasuna xakean nazioarteko I. batzarra ospatuko da.

Gaur abiatu da Gasteizen Expochess 2016 kultur jaialdiaren bigarren edizioa, publiko orokorrari baina bereziki emakumeei xakea hurbiltzea helburu duen ekimena. Era berean, artearen esparru ezberdinak xakearekin eta emakumeekin lotu nahi ditu jaialdi honek eta horretarako zenbait jarduera prestatu ditu, besteak beste, xakeari buruzko pintura lehiaketa bat, argazki erakusketa bat eta xakean emakumeak duen papera aztertuko duen batzarra. Expochess uztailaren 30era arte luzatuko da.

Xakea eta emakumeak, nazioarteko batzarra

Jaialdiaren ekitaldi nagusia xakean emakumearen berdintasuna jorratuko duen I. nazioarteko kongresua izango da,  uztailaren 13, 14 eta 15ean,  Gasteizko Gran Hotel Lakuan ospatuko dena. Helburua emakumeak xakearen unibertsora erakartzea izango da. Hiru egunetako egitarauan egungo egoera aztertuko dute eta xakearen eremu guztietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko metodoak eta neurriak proposatuko dituzte parte hartuko duten mundu mailako zenbait adituk. Psikologiako, soziologiako, psikiatriako, filosofiako, pedagogiako eta kazetaritzako adituek osatuko dute egitaraua. Beste batzuen artean, Judit Polgar emakumeen artean xake modernoaren historia osoko xake jokalaririk onena, Ana Matnadze zilarrezko dominadun olinpikoa eta Leontxo Garcia Olasagasti xakean espezializatutako nazioarteko kazetari onena izango dira.

Arte erakusketak

Bestelako jardueren artean, Expochess Pintura Lehiaketa aurkitzen da eta irabazlea uztailaren 24an ezagutzera emango dute. Horrekin batera, pintura, xilografia, argazkia eta filatelia erakusketak izango ditu jaialdiak. Erakusketa hauetan pintura lehiaketako artelan aukeratuak, argazkingitza erreportejea(Araba-Mexiko), Elke Rehder margolari alemaniar ospetsuaren artelanak,  Mikel Garate euskal margolariaren artelanak eta Bilboko Jose Manuel Garciaren bilduma egongo dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide