Zergak, tasak eta prezioak igo nahi ditu Udalak, oreka ekonomikoa berreskuratzeko

Erredakzioa 2016ko uzt. 7a, 16:07

Besteak beste, Jarduera ekonomikoaren eta ibilgailuen zergak, autobusaren txartel arrunta, kirol instalazioetarako abonamendua eta zabor-tasa igo nahi ditu Urtaranen gobernuak.

Urtaranen gobernuak datozen hiru urteetarako proposamen fiskala aurkeztu du, "Udal Ogasunaren oreka ekonomikoa berreskuratzea" bilatzen duena. Horretarako  zerga, tasa eta prezio publiko nagusiak igotzea proposatu du. Adibidez, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga eta Ibilgailuen Zerga %10 igotzea proposatzen du eta zabor-tasa %15. 

Prezio publikoei dagokienez, datorren urterako oro har %5 igotzea nahi dute, bi kasutan izan ezik: kirol instalazioen urteko abonamendua eta gizarte-etxeetako jardueren prezioak, horietan igoera %10 igoko da. Hurrengo bost urteetan urtero %5 igoko lirateke. Era berean, Tuvisaren txartel arrunta 10 zentimo gehiago balioko du, 2020an 1,40 eurora iristeko era mailakatuan. Horrela, gobernu taldeak aurkeztutako proposamenaren eragin ekonomikoa 2017an orotara +1,9 milioi eurokoa litzatekeela azaldu du Udal Gobernuak.

 Igoera hauek EAJk eta PSE-EEk egindako proposamenak dira eta hortaz, oraindik EH Bildu edo PPren onarpena behar dute.

Urtaranen gobernuak 2017rako diseinatu duen eboluzioaren arabera, gehienezko igoera ez litzateke %15etik gorakoa izango, eta, Ondasun Higiezinen Zerga (OHI), esaterako,  %4,07 jaitsiko litzateke, eta gainbalioa, %35.

“Udalak ahalmen ekonomikoa berreskuratzeko premia du Gasteizek datozen urteetan aurre egin beharreko erronkei heltzeko. Horregatik, proiektu fiskal errealista, orekatua eta zentzuduna aurkeztu dugu, neurri gabeko igoerarik ez duena eta justizia sozialean oinarritua. Azken urteetan izugarri igo da ohiko gastua, eta urtean 20 milioi eurotik gorako desoreka ekonomikoa sortu da; hori konpontzeko aparteko diru-sarrerak baliatu dira (sozietateen dibidenduen banaketak, opor fiskalak, maileguak…), eta kudeaketa jasanezina da. Gainera, inbertsio handiak egin ahal izateko kanpoko finantzaketa behar izan da. Zintzoak izan behar dugu, herritarrek udal finantzen egoera ekonomiko larria ezagutzea merezi dute, eta egoerari buelta ematea dagokigu, udalaren eta hiriaren etorkizuna bermatzeko. Ohartzen gara zaila dela neurri horiek ulertzea epe laburrean, baina badakigu luzera begira hiriak aintzat hartuko duela ausardia eta zintzotasun keinu hau”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

2017rako diru-bilketari dagokionez, lehentasuna da OHZan eta gainbalioan (-1,84 miloi euro eta -6,54 milioi euro hurrenez hurren) gutxiago biltzeak oreka fiskalari kalte gehiegirik ez egitea. Horretarako, aurreko ekitaldian lortutako akordioa errespetatuz, ekonomi jardueren gaineko zergan 4 milioi euro gehiago biltzea proposatzen da. Horri ibilgailuen zergan, tasetan eta kirol-instalazioen urteko abonamenduan igoera txikiak gehituta, gobernu-taldeak aurkeztutako proposamenaren eragin ekonomikoa orotara +1,9 milioi eurokoa litzateke 2017an, eta kopuru hori progresiboki handituko litzateke urtez urte.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide