Gaur, Gemma Zabaleta Falerina lorategian

Itsaso Estarrona 2016ko eka. 29a, 11:00

Ostegunean, PSEko Gemma Zabaletarekin elkarrizketa irekia eskainiko dute ALEAk eta Oihanederrek

Hauteskundeen emaitzak labetik atera berri daudenean, PSEko kide Gemma Zabaletarekin elkarrizketa irekia eskainiko dute ALEAk eta Oihaneder Euskararen Etxeak ostegun honetan (ekainak 30), 19:00etan Falerina lorategian.

Politikari ezaguna da Zabaleta, ibilbide luzekoa. Patxi Lopez lehendakariaren legealdian, Enplegu eta Gizarte gaietarako Sailburu izan zen. Bestalde, ezaguna da ere erabakitzeko eskubidea defendatu izan duelako Alderdi Sozialistan. 

Pil-pileko gaiak eta bizipen pertsonalak

Bolo-boloan dabiltzan gaiak lantzeko aukera izango da ostegunekoa: hauteskundeen emaitzak, erabakitzeko eskubidea, Gasteizko mapa politikoa eta Espainian gobernatzeko balizko aliantzak, tartean. 

Horrez gain, Gemma Zabaletaren alderik pertsonalena ezagutzeko parada izango dute Falerinara gerturatzen direnek: bere bizipen pertsonalak, oroitzapen politiko bereziak, bere objekturik esanguratsuenak eta kanta kuttun bat, esaterako. Amaieran, berak aukeratutako merienda askaldu ahal izango dute bertaratutakoek.

Iñaki Larrañaga eta Anakoz Amenabar Gasteizko kazetariek gidatuko dute saioa, baina publikoaren galderek izango dute lehentasuna, horixe baita elkarrizketa ziklo honen ezaugarri nagusia: entzuleek nahi beste galdera egin ditzakete, idatziz. 

Ikasturte honetako azken SolasALEAn saioa izango da ostegunekoa. Sarrera librea da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide