Karmele Jaio Gasteizko jaien pregoilaria izango da

Erredakzioa 2016ko eka. 8a, 14:09
Irudia: Uberan.eus

Pregoia abuztuaren 2an izango da, Plaza Berrian, eta ondoren Udal Musika Bandak bere mendeurrena ospatzeko kontzertua emango du.

Karmele Jaio idazle gasteiztarra aurtengo Andre Mari Zuriaren jaien pregoilaria izango da. Pregoia abuztuaren 2an izango da, 21:30ean, Plaza Berrian, eta ondoren Udal Musika Bandak bere mendeurrena ospatzeko kontzertua emango du.

Idazleak "berdintasunaren, Gasteiz anitz baten eta euskararen alde egiten duen lana" nabarmendu zuen Gorka Urtaran alkateak. Era berean, "gizarte gaiekiko eta hiriari lotutako gai guztiekin duen sentsibilizazioa" goraipatu zuen alkateak. Besteak beste, Jaiok Gasteiz anitza aldarrikatu zuen Gora Gasteiz ekimenaren aldeko manifestua sinatu zuen, kultura, kirol eta gizarte arloko beste 50 pertsona ezagunekin batera.

 

Karmele Jaio

Karmele Jaio Eiguren idazlea, kazetaria eta komunikazio arduraduna da. EHUn Informazio zientzietan lizentziatu eta gero, kazetari lana bete du hainbat idatzizko komunikabidetan, hala nola Euskaldunon Egunkarian edo Garan. Egun, Emakunderen komunikazio arduraduna da. 2015eko uztailetik Euskaltzaindiko kidea da.

Lehen argitaratu zuen liburua Hamabost zauri ipuin bilduma izan zen 2004an. Urte berean Igartza Saria irabazi zuen, Amaren eskuak eleberriaren proiektuagatik. Aipatutako eleberri hau 2006an kaleratu zen, eta hainbat sari jaso zituen: Zilarrezko Euskadi Saria, Zazpi Kale Saria eta Beterriko Liburua Saria.

2007an Zu bezain ahul ipuin bilduma kaleratu zuen, eta 2009an Musika airean eleberria. Poesia ere idatzi du, 2015ean Orain hilak ditugu, bere lehen poesia-liburua argitaratu du. 2015eko uztailaren 17an euskaltzain urgazle izendatua izan zen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide