Eritasun arraroak ikusarazteko elkartasunezko dastatzea

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mai. 24a, 15:59

Ostiralean egingo dute Artiumen. Egun, 10.000 pertsonatik bostek pairatzen dituzte gaixotasun arraroak.

Artium museoan elkartasunezko dastatzea egingo dute datorren ostiralean eritasun arraroak pairatzen dituzten pertsonen alde. Ekimenak bi helburu ditu; batetik, arabarrak gaixotasun hauen inguruan sentsibilizatu eta bestetik, eritasun arraroen Feder elkartearentzat finantzazioa bilatu.

  Gaur goizean ekimena aurkeztu dute eta Udaleko zein Aldundiako ordezkariekin batera, Tania Lamarca gimnasta eta Juana Maria Saenz Federren Euskadiko ordezkaria izan dira. Elkartasunezko ekitaldi honen bidez, eritasun arraroen elkarteak “gune proaktibo” bat sortu nahi du gastronomiaren laguntzaz, oso gutxitan ikusarazten diren gaixotasun hauek gizartera hurbiltzeko asmoz.

 Ekimena datorren ostiralean izango da, 18.30etik aurrera, eta bertako produktuen dastatzea eskainiko da, hala nola pintxoak, patatak, ogia, patea, ardoa eta txakolina, inguruko profesionalek prestatuko dutena.

0 ilara, bertaratzen ez direnentzat

 Dastatzeaz gozatu ahal izateko, izen emate sinboliko bat egin beharko da, 10 euro ordainduz. Sarrerak Artium museoan eskuratu daitezke, baita ekitaldi egunean bertan ere. Halaber, 0 ilara ere prestatu da joan ezin duten baina ekitaldiari laguntasuna eman nahi dioten pertsona guztientzat, Kutxabanken kontu honen bitartez, hain zuzen: 20950113109112020333.

 

10.000 pertsonatik bost

 Eritasun arraroak edo maiztasun txikikoak herritarren arteko ehuneko txiki bati eragiten dioten patologiak dira, 10.000 pertsonako bosti, gutxi gorabehera. Gaur egun 7.000 eta 8.000 eritasun arraro daudela jotzen da, pazienteen ahalmen fisikoari, adimenezko gaitasunei eta gaitasun sentsorialei eta jokabideei eragiten dietenak. FEDERren Euskadiko ordezkaritza lanean ari da pertsona horien eskubideen alde eta pertsona horientzat gizarte bidezkoago, zuzenagoa eta integratzaileagoa lortzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide