"Zer galdetuko zenioke Maialen Lujanbiori? Bota zure galdera!". Dei hori abiapuntu, bertsolari gipuzkoarrarekin elkarrizketa irekia gidatuko du ostiral honetan Oihanederreko klaustroan Arabako ALEAk SolasALEAn zikloaren baitan, Oihaneder Euskararen Etxeak antolatuta. Saioa 19.00etan abiatuko da, eta ordu t'erdiko iraupena izango du.
Kulturgintzaz eta bertsolaritzaz solasteko saioa izateaz gain, Lujanbio gertutik ezagutzeko aukera izango da ostiralekoa: bere objekturik kuttunena eta bere abestirik maitatuena ekarriko ditu saiora, besteak beste. Merienda bat ere aukeratuko du gonbidatuak, behin elkarrizketa amaituta, bertaratzen diren guztiekin batera askaltzeko.
Kazetari lanetan Jon Sanchez Hala Bediko esataria eta Marta Ugarte ALEA FM-ko kolaboratzaileak arituko dira; haien eskutik, parte-hartzaileei euren galderak egiteko gonbidapena luzatuko zaie, hori baita SolasALEAn saioen funtsa.
Gorka Urbizu, Garbiñe Biurrun, Kike Amonarriz, Josebe Iturrioz, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe eta Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” izan dira elkarrizketa hauen orain arteko gonbidatuak.
Lujanbio, letra artean
2003. urtean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Maialen Lujanbiok, eta lautan lortu du Txapelketa Nagusiko azken saiorako sailkatzea, 1997an, 2001 (urte horretan txapeldunorde izan zen) eta 2005ean. 2009an Txapelketa Nagusiko txapela janstea lortu zuen.
Bere bat-bateko bertsokera landu eta garatzeaz gainera, bertsotik abiatutako bestelako sorkuntza ariketak ere abiatu izan ditu: Ornitorrinkus proiektua, Txori Mugariak irrati performancea edo Hegi, Egia, Egiak, esaterako. Letren bueltan bizi da Maialen Lujanbio. Bat-bateko bertsogintza landuz nagusiki, letra idatzietan ere bai tarteka, eta hitzetatik abiatutako bestelako sorkuntza saiakeratan murgilduta.