Gasteizko ehun ikaslek mugikortasunaren inguruko diagnostikoa aurkeztu dute

Erredakzioa 2016ko mai. 18a, 13:58

20 ikastetxetako 20.500 ikaslek baino gehiagok egin dute eskola-mugikortasun autonomo eta aktiboari buruzko diagnostikoa, 21 Eskola Agendaren barruan.

Gaur goizean Gasteizko ehun ikaslek baino gehiagok eskola-mugikortasun autonomo eta aktiboari buruz landu duten diagnostikoaren emaitzak aurkeztu dituzte. Orotara, 20 ikastetxetako 20.500 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte ekimen horretan, 21 Eskola Agendaren barruan. Gorka Urtaran alkateak adingabeen ekarpenak entzun eta aintzat hartu ditu, alkateorde Itziar Gonzalorekin, Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile Alvaro Iturritxarekin eta Udalbatzako kideekin batera. Ondoren galderak egiteko txanda izan da, eta udal ordezkariek mugikortasunari buruz dituzten kezkak argitu dizkiete ikasleei.

“Ekintzetara igarotzea”

Ikasturte honetan, ikasleek Eskola-mugikortasun autonomo eta aktiboa aztertu dute, iaz hasitako lanari jarraituz, eta “ekintzetara igarotzea” izan da gai nagusia. Denbora horretan, Gasteizko Udalari beren diagnostikoa aurkeztu diote, eta haien ustez Udalak hobetu beharko lituzkeen alderdiak, proposamenak eta konpromisoak zehaztu. Orobat, iritziak eta iradokizunak partekatu dituzte Udaltzaingoko, Trafiko Zerbitzuko, Espazio Publikoko, Tuvisako eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko udal teknikariekin.

 Gasteizko alkateak hitz eman die ikasleei haien “interesei erantzuten dien espazio publikoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa” eratzeko erronkari eutsiko diola eta “behar diren kultura aldaketak ahalbidetuko” dituela, “umeek kalea berreskuratu eta hiritik oinez edo bizikletaz ibiltzerik izan dezaten, beren kabuz eta heldu baten zaintzaren beharrik gabe”.

Eskolara oinez edo bizikletaz

2014ko urrian mugikortasun aktibo eta autonomoaren proiektuaren aldeko erakunde-adierazpena onetsi zuen Udalbatzak. Era horretako joan-etorriak erraztuko dituen espazio publikoaren eredua sortzea erabaki zen orduan. Adierazpen hartan, Udalak konpromisoa hartu zuen ikastetxeekin elkarlanean jarduteko, elkarrekin diseinatzeko ikasleek ikastetxeetara oinez edo bizikletaz joan ahal izateko beharrezko diren konponbideak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide