84.000 euro Gasteizen euskara sustatzeko

Erredakzioa 2016ko mai. 6a, 13:03
'Gasteizko Toponimia V, Arratzua I' liburuaren aurkezpena egin zuten martxoan.

Euskaltzaindiarekiko lankidetza hitzarmenera, Gazte Sortzaileak lehiaketara eta Gasteizko dendetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko diru-laguntzetara bideratuko da dirua.

Gasteizko Udalak 84.000 euro inbertituko ditu Gasteizen euskara sustatzeko. Gaur goizeko bileran, Tokiko Gobernu Batzarrak Euskaltzaindiarekiko lankidetza hitzarmena sinatzea (60.000 euro) erabaki du, eta Gazte Sortzaileak lehiaketaren deialdia (18.000 euro) eta Gasteizko dendetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko diru-laguntzetarako deialdia (6.000 euro) onetsi ditu.

Euskaltzaindia

 Hizkuntza arloko aholkularitza eta Gasteizko udalerriko toponimia lantzeko proiektua izango dira hitzarmenaren helburuak. Zehazki, Arratzua II liburukia argitaratuko da. Udalak eta Euskaltzaindiak 1996an sinatu zuten lehen lankidetza-hitzarmena.

Gazte sortzaileak

Gazte Sortzaileak beka deialdia onetsi da gaurko bileran eta honen bidez, gazteek datorren ikasturtean sortutako kultur proiektuetarako bekak emango dira; deialdia egiten den bigarren urtea da.  Horretarako, Gasteizko Udalak 18.000 euro jarriko ditu.

Euskara dendetan

Hiriko dendetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko diru-laguntzetara 6.000 euro zuzenduko ditu udalak. Laguntza horiek establezimenduetan kanpoko errotulazioa aldatu eta izenetan euskara sar dezaten erabiliko dira, eta dendetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzearekin lotutako beste gastu batzuei laguntzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide