Europa biltzar-jauregia inauguratuko dute gaur

Erredakzioa 2016ko mai. 4a, 09:56
Irudia: Quintas

Gasteizko biltzarren garapenean paper garrantzitsua izan duten hainbat pertsonei esker ona adieraziko zaie.

Europa biltzar-jauregi berritua inauguratuko dute gaur, eta egoera aprobetxatuko dute Gasteizko biltzarren garapenean paper garrantzitsua izan duten hainbat pertsonei aitorpena egiteko, hala nola, Eduardo Anitua eta Miguel Gutierrez doktoreei, Magialdia ekitaldiari, Arabako Abokatuen Elkargoari eta Tesol Spain elkarteari.

Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta bertan, Maria de Maeztu idazlearen iloba txiki Josefa Lastagaray andrearen hitzaldia izango da, areto nagusiaren instalazio berriei izena ematen dion pertsonaia gasteiztarri buruz mintzatuko dena.

“Europa lehen mailako jauregia da, hemendik urtea bukatu arte ia 50 biltzar programatu baitira, eta 11.500 parte-hartzailek baino gehiagok baieztatu baitute asistentzia. Azken batean, hiriko ekonomia jardueraren benetako motorra da, eta ahalik eta etekin handiena aterako  diogu”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Europa jauregiaren inaugurazioan aitorpenak banatuko zaizkie zenbait biltzar-sustatzaileri, hiriarekiko konpromisoagatik eta Gasteizen enbaxadore izateko bokazioagatik nabarmendu baitira, hala nola,  Udako Musikoterapia Eskola, Magialdia, Psikiatriako Eguneratze Ikastaroa eta BTI institutuak antolatutako estatuko eta nazioarteko ekitaldi zientifikoak. Horrez gain, garrantzi handiko biltzarrek ere aitorpena jasoko dute; Etologia Elkartearen 48. Nazioarteko Biltzarra, Teachers of English to Speakers of other Languages 38. Biltzar Nazionala eta Abokatuen XI. Biltzar Nazionala.

Europa jauregia sustatzeko astearen barruan, Gasteizko sustatzaileei ezagutarazteko jardunaldia egingo da, maiatzaren 5ean. Hirian ekitaldiak sustatu ditzaketenei instalazioek ematen dituzten aukerak ezagutaraziko zaizkie: tamaina eta formatu ezberdinetako ekitaldiak har ditzake, eta bat baino gehiago egin daitezke batera.

 Herritarrei ateak irekitzeko jardunaldiak

Azkenik, asteburuan herritarrei ateak irekitzeko bi jardunaldi antolatu dira. Bisitak doakoak izango dira, aldez aurretik izena eman beharrik gabe, eta ordu erdian behin egingo dira, ordutegi hauetan: larunbatean,10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Igandean, 11:00etatik 14.00etara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide