Montauk talde gasteiztarrak 9 abestiz osatutako bere estreinako diskoa Bilaketan aurkeztu du. Talde gaztea 2014ko azaroan sortu zen. 2015eko azaro eta abenduan zehar zenbait zuzeneko eskaini eta tartean Montauk taldea GazteTalent lehiaketaren lehenengo sariaren irabazlea izan zen. Beñat Goitiak (ahotsa eta gitarra), Gorka Etxebarriak (bateria), Goio Saenzek (baxua) eta Aitor Garcia de Vicuñak (gitarra) osatzen dute laukotea. Orain aurkeztu dute diskoa, Jonan Ordorikarekin grabatu, nahastu eta masterizatu dutena, Azkarateko (Nafarroa) Katarain eta Mamia estudioetan, 2016ko martxoa eta apirila bitartean.
Rock intimista eta pop esperimentalago baten artean hegan egiten duten atmosferak, melodia gordinak, distortsio leun zein garratzak, ahots apal xuxurlatuak eta garrasiak, finean, herdoiltasunera eramango gaituen bidaia.
Diseinuak kantuen izaerari egiten die tira, Eneko Ugarteren sinbologiak haizearen eta herdoilaren arteko lotura azaltzen baitu. Kolaborazioen atalean, Jon Aranburuk girotu du Esna zaudenean I performancea, weisenborna eta gitarra laztanduz. Eta Pablo Ramosen saxoak Doktrina kantuari behar duen hauspoa eman dio.
Diskoaren aurkezpena
Diskoa aurkezteko lehenengo kontzertua Joseba B.Lenoirrekin batera emango dute maiatzaren 26an Jimmy Jazz aretoan. Ekainaren 21ean berriro ere izango dira Gasteizen, Parral tabernan.