Eredu jasangarrien bila

Anakoz Amenabar 2016ko api. 18a, 12:58

Aztarna ekologiko txikiena uzten duen ingeniaritzaren kultura zabaldu nahi du Gasteizko Ingeniaritza Eskolak, eta esparru horretan lanean ari diren hainbat eredu elkartuko ditu biharko jardunaldietan.

 

Bidean da beste ingeniaritza mota bat, iraunkorra, ahalik eta aztarna ekologiko txikiena uzten ahaleginduko dena, balore sozial eta ingurugiro erronka berriekin. Eta, hain zuzen, alor horretan diharduten enpresen lana ezagutzera emateko asmoz, jardunaldiak antolatu ditu EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolak. Enpresa jasangarriak unibertsitatearen esparrura hurbiltzeko asmoz, egun osoko jardunaldiak izango dira bihar, hilaren 19an, eta horien inguruko erakusketa bat  maiatzaren 4ra bitartean.

Ihobe, Tecnalia, Idom eta Irizar moduko enpresen ordezkariak izango dira biharko antolatutako hitzaldietan, ingeniaritza jasangarriaren aldeko apustua egin duten enpresen ordezkari moduan. EHUko ikasle eta irakasleen artean zabaldu nahi dute eredu iraunkorraren aldeko lana, baina baita Gasteizko herritar eta enpresen artean ere. Saioa 09:15etan hasiko da Ingenieritzako Unibertsitate Eskolan.

Zero energia

Hitzaldien artean, esate baterako, Blas Beristain Idom arkitektura eta eraikuntza saileko proiektu zuzendariak Zero Energiadun eraikinen inguruko hitzaldia emango du, eta Bilboko Idom eraikina izango du azalpen praktikoetarako eredu. Elektromugikortasunari buruz arituko da, beste alde batetik, Irizar enpresako Javier Osua, eta ingeniaritza produktu jasangarrien inguruan arituko da Roberto Bermejo Ekopoleko zuzendaria.  

Solasaldiekin batera, enpresa bakoitzak bere produktu eta zerbitzu jasangarriak aurkezteko parada izango du eta bertan antolatutako erakusketan bisitaldi gidatua egingo dute 12:30ean. Erakusketa, baina, hamar egunez izango da; Evolo garraio enpresa edota Goiener energia kooperatiba izango dira, besteak beste. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide