Material birziklaezinak erregai bihurtu dituzte Jundizko lantegi batean

Erredakzioa 2016ko api. 7a, 19:00

Iaz, 3.193 tona ontzi heldu ziren Jundizko lantegira. Edukiontzi horira botatako hondakinen % 68 ontziak ziren; % 32a material birziklaezina.

Material birziklaezinaren zati bat eraldatu eta hondakinetatik erregai bihurtzea lortu du ontziak sailkatzeko eta bereizteko Jundizko lantegi batek eta lehena izan da Estatuan hori lortzen duena. Lantegia Arabako Foru aldundiarena da eta bertan, 428.747 euroko inbertsioa egin eta teknologia erabat berria ezarri ondoren,  energia eraginkortasun handiagoa lortu du, eta “ingeniaritza jasangarrian erreferente” bihurtu da, atzo Ramiro Gonzalez ahaldun nagusian egin zuen bisitan adierazi zuen moduan. Zehazki, zoru bero-emailea jarri dute lantegiaren azalera batean eta horrek birziklatu ezin izan diren hondakinak lehortzea ahalbidetzen du. Ondoren, material hori birrindu eta trinkotu egiten da.

 Diputatu nagusiak, orobat, iragarri du Arabako Foru Aldundiak asmoa duela ikasgela didaktiko berri bat abian jartzeko Jundizko instalazioetan bertan. Izan ere, datorren ikasturtetik aurrera, Arabako eskola umeak instalazio horiek ikustera joango dira.

 

% 32 material birziklaezina

 2015ean, guztira 3.193 tona ontzi (latak, tetrabrikak eta plastikozko botilak, besteak beste) birziklatu ziren lantegi honetan. Nolanahi ere, edukiontzi horira botatako hondakinen % 68 soilik izan ziren ontziak. Hau da, lantegi honetara iritsi zen material birziklaezina % 32 izan zen. Horregatik, Gonzalezek adierazu zuenez, "beharrezkoa da aurrerantzean ere arabarrek ahalegin handiagoa egitea, hots, ontzi kontsumoa murriztea, halakoak berrerabiltzea eta birziklatzea".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide