Andre Maria Zuriaren eskulturaren zaharberritze lanak ikusteko bisitak

Erredakzioa 2016ko ots. 29a, 17:47

XIV. edo XV. mendekoa da estilo gotikoko eskultura. 2007an eraman zuten Aldundiaren Zaharberrikuntza Zerbitzura eta haren ordez erreplika bat jarri zuten babestutako horma hobi batean.

Gasteizko zaindaria den Andre Maria Zuriaren eskultura polikromatua kontserbatzeko eta zaharberritzeko lanak abian jarri dira eta hurrengo hilabeteotan, adituek lan hau nola egiten duten ikusteko aukera izango dute herritarrek. Lehenengo bisita martxoaren 4an izango da eta uztailera bitartean luzatuko dira. Ondoren, San Miguel elizara eramango dute eskultura.

XIV.mendeko eskultura

 Estilo gotikoko eskultura da, XIV. edo XV. mendekoa, handia (214 x 69 x 54 cm) eta kareharri polikromatuz egina. Hasiera batean San Miguel elizaren atari nagusiaren egon zen. XVI. mendean elizaren sakristiako atzeko aldeko kontrahorma batera eraman zen eta XVIII. mendean berriro jarri zen kanpoko fatxadan.

 Zuen kokapenak sortzen zituen zaintza arazoak zirela eta, Arabako Foru Aldundiaren Zaharberrikuntza Zerbitzura eraman zen 2007an, eta haren ordez erreplika bat jarri zen babestutako horma hobi batean. Egun narriatuta du egitura, garrantzizko pitzadura eta arrakalak ditu. Hala, esku hartzearen helburu nagusia eskulturari erasaten dioten narriadura arriskuak egonkortzea da.

 

 Lanak  IPCEren zuzendaritza teknikoaren eta Arabako Foru Aldundiaren Zaharberrikuntza Zerbitzuaren gidaritzapean egingo dira. Kultura Ministerioak finantzatu ditu lan horiek Kultura Ondarearen Institutuaren bidez, zazpi hilabete emango dira haiek egiten eta 52.359,12 euroko kostua izango dute.

 

Bisita egiteko

Bisita egiteko egunak: martxoaren 4a eta 18a, apirilaren 1a, 15a eta 29a, maiatzaren 13a eta 27a, ekainaren 10a eta 24a eta uztailaren 8a eta 22a.

  Eguna eta ordua hitzartzeko, deitu 945-18-20-50 telefonora edo bidali mezu bat helbide elektroniko honetara: restauraciones@araba.eus

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide