Fiskalitateari buruzko batzorde txostengilea eratuko da, gaur goizean Gasteizko Udalak aho batez onetsi bezala. Helburua da politikoek eta teknikariek osatutako lantalde batek agintaldi osorako zerga politika zehaztea. Bereziki aztertuko da zenbateraino finantzatzen dituzten tasek udalaren zerbitzu publikoak.
Horretarako, udal zerbitzuen kostu-egitura aztertuko da, hau da, zenbateraino finantzatzen diren zergen bidez eta zein eragin duten Udalaren iraunkortasun ekonomikoan, zerga eta tasa arruntenei lehentasuna emanez. Besteak beste, ondasun higiezinen, gainbalioaren edo ibilgailuen zergak aztertuko dira, baita zabor tasa eta TUVISAren tarifak ere.
Hala, batzorde honek hobekuntza proposamenak landuko ditu, udalaren diru-sarrerak eraginkortasun handiagoz antolatu eta kudeatzeko, eta beharrezkoa bada eguneratu egingo ditu ordenantza fiskalak.