Gasteizko hondakinen kudeaketa plana "porrota" izan dela dio Zero Zabor plataformak

Erredakzioa 2016ko ots. 19a, 13:12

Egun, hiriko birziklatze tasa %24 da. Kopuru hau handitzeko herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" dela azaldu du plataformak.

Amaitzear dagoen Gasteizko Udalaren hondakinak kudeatzeko plana (2008-2016 bitartekoa) "porrot handia" izan dela adierazi du Gasteiz Zero Zabor plataformak goizean egin duen agerraldian. Bertan, planaren irakurketa kritikoaren txostena aurkeztu du. Dokumentua egiteko hasieran idatzitako helburuak eta lortutako emaitzak alderatu ditu eta  planaren laurdena ere ez dela bete ondorioztatu du. Egun Gasteizen birziklatze tasa %24 da.  "Porrota gasteiztar guztiona da, baina bereziki udalarena, agintariak eredu izan behar duelako", zehaztu du plataformak.

Plataformak egiten dituen proposamenak "orokorrak" direla azaldu du Gasteiz Zero Zabor plataformako kide Dani Zuazagoitiak. Alde batetik, helburua finkatu behar dela azaldu du. "Helburua Europatik jartzen dizkiguten minimoak lortzea izango litzateke, hau da, birziklatze tasa %50 izatea". Izan ere, plataforman zero zaborrik gabeko gizartean sinisten dutela gaineratu du. "Hau ez da utopia bat, San Frantzisko edo Lubiana bezalako hirietan % 80a birziklatzen ari dira gaur egun". Horretarako, herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" da.

Horrez gain, bilketa sisteman arazoa dagoela uste du plataformak eta eredu "mistoak eta desentralizatuak" proposatzen ditu. Hurrengo asteetan Gasteiz Zero Zabor plataforma alderdi politikoekin bilduko da, konpromiso maila zehazteko. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide