alea.eus

Asto lasterketaren ordez, upel lasterketa

Itsaso Estarrona 2016-02-17 11:58   Gizartea  Gasteiz

Animaliak erabiltzeko debekuaren aurrean, 55 kiloko upelekin txapelketa egingo dute Gasteizko Blusek eta Neskek uztailaren 25ean

Udalak asto lasterketak debekatu eta hilabetera, txapelketa berria antolatu dute blusek eta neskek uztailaren 25ean haien eguna ospatzeko: animalien ordez, upelak erabiliko dituzte, Gasteiz Wine City elkarteak hala proposatuta. 

Duela 53 urte egiten zuten blusek eta neskek asto lasterketa Andre Maria Zuriaren plazan. Aldiz, Animalien edukitzeari eta babesteari buruzko Gasteizko arau berria urratzen zuen txapelketa horrek, "animalien tratu txarrik gabeko hiria" izendatutako hiriburuan. Iaz, hain zuzen, 11.000 sinadura baino gehiago bildu zituen animalien defentsarako ATEA elkarteak, txapelketa bertan behera uzteko. Testuinguru horretan, ugaztunen erabilera debekatu zuen urtarrilean Udalak, eta Blusa eta Nesken batzordeari alternatibak bilatzeko dei egin zien.  

Gaur jakinarazi du kolektiboak bere ekimen berria: upel lasterketa, asto lasterketaren ordez (Borricos por barricas, gaztelaniaz bidalitako prentsa oharrean zehaztu zutenez). Kanpotik iritsi zaie proposamena: Gasteiz "ardoaren hiriburu" bihurtu nahi duen Wine City elkartetik, zehatz-mehatz. 

Italian aurrekariak

Euskal Herrian upel lasterketa gehiago egin izan badira ere (Corellan, esaterako), lasterketa berriaren aurrekariak Italian bilatu dituzte: ardo ezagunak dituen Toscana eskualdeko Montepulciano herrian, zehazki. Bertan, zaldi lasterketa egiten zuten XIV. mendetik, 1974an ardo upel txapelketa batekin ordezkatu zuten arte. 

Sari bezala, 225 litro ardo

Gasteizko lasterketa erdialdeko lau kaletik pasako da: Posta kalea, Urrezko Zeledoien plaza (Correos), Plaza Berria eta Andre Maria Zuriaren enparantza, ondoren Posta kalera itzultzeko. Hutsik mugituko dituzte 55 kiloko upelak, bikoteka, bi itzulitan: lehenengoan, irteera ordenerako sailkatuko dira; bigarrenean,  bizpahiru aldiz egingo dute  zehaztutako ibilbidea, 1,2 kilometro eginez. Irabazleek 225 litro ardoz betetako upela jasoko dute abuztuaren 5ean, Andre Mari Zuriaren egunean. 

Asto lasterketaren debekuarekin pozik ez, eta Blusa eta Nesken batzordeak adierazi du txapelketa berriarekin azken urteetan  "bidelagun izandako asto guztiei" omenaldia egin nahi dietela. 

 

Erantzunak

Norastorgarlensiu 2016-02-21 18:24 Erantzuna | #1

Agur denoi.
Asto lasterketarik ez eta haren ordez upel lasterketa. Egi-egia erran, goian nahiz beherean daudekeen asto lasterketez ez nuen iritzirik, sekula santan ez niz heien ikusten izan –haurrean, beharbada- eta prentsan edo telebixtan ageri zirelarik, kasu mikorik ez.
Ordea, orai badut iritzia eta uste dut astoek ez dutela zeren betikotz desager Gasteizko karriketarik. Erran nahi baita, astoak suntsiturik izaiteko zorian omen dira eta egun hori izan daiteke heien laudatu eta atxikaraztekoa; hots, halako "Astoen eguna" bilaka daiteke eguna eta orduan astoeri buruzko hainbat ekitaldi izan daiteke, hala nola, erakusketa, asto feria, antzerki edo ipui kontaketa -astoak nagusi bailirateke-, solas, jolas eta bertze. Astokirik bada? Bada, astoki dastaketa. Asto gaineko ibilaldiak ere gogoratu zauzkit, baina nago ez ote lirateken gaitzetsiak izanen direlako halakoxe ibilaldiak. Eta zeinek antola? Neskek eta atorradunek, heien eguna ere bai baita, edo Udalak, edo Asto Elkarteren batek halakorik baldin bada, edo denek batean. Ez dakit, ba.
Llabur, astoa nagusi, espeziearen Gasteizko eguna bilakaraz dezakegu egun handi hori, "Asto Orro edo Arrantzen eguna".Bidenabar, zilegi bekit idaztea asto orroa astokumeentzat goxo dela.
Ez adiorik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa