Bazter utzitako lau krisi, 'Ahaztutako lekukoak#2’ erakusketan

Erredakzioa 2016ko ots. 12a, 14:47

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Palestina, Niger, Etiopia eta Kolonbiako krisi humanitarioak bildu ditu Montehermoson, argazkia eta hitza uztartzen dituen erakusketan.

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak  ‘Ahaztutako lekukoak#2’ erakusketak Montehermoso kulturunean inauguratu du,  "aintzat hartzen ez diren " gaur egungo lau krisi humanitario bisitariaren begien aurrean jartzeko: Palestinako lurralde okupatuak, Niger, Etiopia eta Kolonbia, Martín Caparrós, Santiago Roncagliolo, Laura Restrepo eta Manuel Rivas idazleek kontaturik. Haiek ahaztutako linbora bidaiatu zuten Juan Carlos Tomasi argazkilariarekin batera, ia inork aipatzen ez dituen historia horien protagonistak ezagutzeko.

 

Erakusketa martxoaren 21era arte egongo da ikusgai. Horren bidez, sufrimenduaren giza aurpegia, etengabeko indarkeria eta lurreko lau toki suntsituenetan bizi direnek jasaten duten abandonu mediatikoa ikusiko ditugu. Eguneroko izugarrikeriaren erretratu horiek ezaxolaren kontrako alegatu bat dira, munduko txoko abandonatuetan indarkeriaren, gaixotasunaren eta muturreko bazterkeriaren mende bizi diren gizakiekin konprometitzeko apustua.

40 argazkik, lau erreportajeen zatiek eta bideo batek osatzen dute erakusketa. Bideoak krisi bakoitzaren berariazko arazoak zein Caparrós, Roncagliolo, Restrepo eta Rivasen sorkuntza prozesuak azaltzen ditu: laurek lekutik bertatik hitz egiten dute, lehen pertsonan, aldi berean literatura eta kazetaritza batzen dituen ikuspegi batetik, eta protagonismo osoa krisiak pairatzen dituztenei emanez.

Lau krisi horiek Juan Carlos Tomasi fotokazetari, erreportari eta ikus-entzunezko errealizadoreak dokumentatu zituen. Hogei urte daramatza munduan ahaztutako gatazka eta hondamendiak eta haren ondorioak isiltasunean pairatzen dituzten pertsonak deskribatzen.

Erakusketa hau Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak El País Semanal astekariaren eta Cervantes institutuaren laguntzarekin 2009 eta 2010 bitartean sortutako “Ahaztutako lekukoak” seriearen bigarren partea da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide