Bizikletan argia erabiltzeko #ArgiaNaiz kanpaina abian

Erredakzioa 2016ko ots. 11a, 12:44

Txirrindulariak bidean jarrera seguruak hartzeko eta argiak erabiltzeko beharraz kontzientziatzea da kanpainaren helburua. 2015an 395 txirrindularik izan zuten istripua.

Txirrindulariei zuzendutako #ArgiaNaiz kanpaina aurkeztu du gaur goizean Gasteizko Udalak.  Helburua txirrindulariak bidean jarrera seguruak hartzeko eta argiak erabiltzeko beharraz kontzientziatzea da.

Kanpainak bi fase izango ditu: lehena, informatzeko, eta bigarrena, ohartarazi, kontrolatu eta zuzentzeko. Otsailean eta martxoan egingo da, bai eta azaroan eta abenduan ere. Bizikleta erabiltzaileei gogoraraziko zaie argiketa sistemak baliatu beharra dutela gauez, tuneletan, eguraldi txarra dagoenean edo ikuspen txikia dagoenean; horretarako, eskuorriak banatuko dira eta hiriko leku ezberdinetan jarriko dira kartelak.

Bestetik, Gasteizko Udalak #Argia Naiz traola sortu du, kontzientziazio mezua sare sozialetan zabaltzeko eta horien erabiltzaileek partekatu ditzaten.

Horrez gain, Udaltzaingoak informatzeko, aholku emateko eta kontzientziatzeko mezuak emango dizkiete arau-hausleei. Azken aukera gisa, administrazio salaketak egingo dituzte.

395 istripu 2015ean

Azken urteotan istripu zenbakiak gora egin du. 2009an 176 txirrindularik sufritu zuen istripuren bat, eta 2015an 395ra iritsi da datu hau.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide