Etxe Berdeak programa, familian ohiturak aldatzeko

Ania Ibañez / Mikel Gonzalez 2016ko ots. 11a, 08:30

Gaur arratsaldean, 19:00etan Europa jauregian, Etxe Berdeak ekimena aurkeztuko dute. Gasteizko 50 familiek ohitura jasangarriagoak bereganatzeko aukera izango dute. 

Garbigailua ipini, zaborra bota, termostatoa erregulatu eta txorrota itxi bezalako eguneroko ekintzak irizpide jasangarriekin egiteko programa abiatu du bigarren urtez Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez (CEA). Guztira, 50 familiek parte hartu ahal izango dute Etxe Berdeak ekimenean, iazkoen bikoitza. 

Euren eguneroko ohiturek eta erabakiek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da Etxe Berdeak. Kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesua egiteko, hainbat pauso emango dituzte parte hartzaileek. Lehenik eta behin, etxeko kontsumoak aztertzeko auditoretza egingo zaie. Horretarako, energia eta urarekin zerikusia duten datuak eman beharko dituzte. Ondoren, sei lantegitan parte hartuko dute familiek: energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta kontsumo arduratsua. Horietan, etxeko fakturetan nola aurreztu ikasteko gomendio erraz eta erabilgarriak jasoko dituzte, besteak beste.

 Ikasitakoa praktikatzeko zenbait tresna eta osagai biltzen dituen sorta ekologikoa jasoko dute bizilagun berdeek; eta, urtebetez, aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute, programa dinamizatzen duen Atari Consultores enpresaren eskutik. 

Aholkularitza horretako kide Jon Emazabelek alea fm-n azaldu duenez, "familia kontzientzaziorako programa da Etxe Berdeak, ohitura jasangarriak indartu eta, aldi berean, aurrezteko". Iaz 25 familia ezberdineko 75 lagunek partu hartu zuten, eta Emazabelek nabarmendu duenez, "oso emaitza positiboak lortu zituzten". Edozein familia motak parte hartu dezakeela nabarmendu du: "Pertsona bakarreko etxeak, bospasei kideetakoak... ez dago profil bakar batera mugatua. Gero eta etxe mota gehiago, hobe". 

Estatuan beste zenbait hiritan garatu duten egitasmoa da Etxe Berdeak, esaterako Aragoin, Asturiasen, Valentzian eta Kanariar irletan. Izan ere, Estatuko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeritzak bultzatutako ekimena da, Ceneam ingurumenaren ikerketa zentroaren bidez. 

Plazak, zozketa bidez

Ostegunean egin dute Gasteizko bigarren edizioaren aurkezpen ekitaldi ofiziala Europa jauregian, eta otsailaren 29ra arte eman ahal izango dute izena interesatuek, doan. Jon Emazabelek azaldu duenez, 50 familientzat plaza dago, "baina segur aski jende gehiagok emango du izena". Hori dela eta, zozketa egin behar izango dute. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide