"Japoniako rakugo ipuinak Euskal Herrira ekarri ditugu"

Itsaso Estarrona 2016ko ots. 11a, 07:00

Japoniako rakugo ipuinak Euskal Herrira ekarri ditu Hiromi Yoshida hizkuntzalariak. Bera aurkezle, hiru rakugolari arituko dira gaur Oihaneder Euskararen Etxean, 19:00etan.

Japoniar musikalitasunarekin eta azpeitiar doinuarekin hitz egiten du euskaraz Hiromi Yoshidak (Yuzawa, 1960). Ingeles filologia ikasten ari zela piztu zitzaion euskararekiko jakin-mina, duela hogeita hamar bat urte. Azpeitiako euskara aztertu zuen bere master lanerako, eta aditz laguntzailea ikertu zuen doktoretza tesian. Gaur egun, euskara irakaslea da Tokion eta Osakan, eta urtean hiruzpalau aste pasa ohi ditu Euskal Herrian, Azpeitian gehienetan. Aste honetan Gasteizera etorri da, rakugoak taularatzera. 

Rakugoak euskaraz sortzeko ekimena abiatu duzu beste euskaldun batzuekin batera. Zer dira rakugoak?

Japoniako ahozko tradizio genero bat dira rakugoak. Orain dela 300-400 urte sortu ziren jende xumearentzat, garai hartan antzerkira joatea oso garestia zelako. Kontalari batek umorezko istorio bat kontatzen du, eta berak interpretatzen ditu pertsonaje guztiak. Taula gainean oihal txiki batekin eta abanikoarekin eseri, eta kontakizun bat eskaintzen du. 

Bizirik al daude rakugoak Japonian?

Bai, bi rakugo mota daude: batetik, rakugo klasikoak, laurehun urte hauetan ahoz-aho transmititu direnak; bestetik, rakugo modernoak daude, gaur egungo egileek asmatzen dituztenak. Tokion eta Osakan egiten dituzte batez ere, eta haien artean ezberdinak dira, tokian-tokiko hizkeraz egiten dituztelako. 

Beraz Japonian ere 'euskalkiak' dituzue, tokian tokiko hizkerak...

Asko aldatzen da japoniera tokiaren arabera, eta japoniera batu bat ere badugu, euskarak bezala. 

Nola bururatu zitzaizuen euskarazko rakugoak egitea?

Hogeita hamar urte daramazkit Euskal Herrira etortzen. Euskaldunek gauza asko eman dizkidazue, eta halako batean pentsatu nuen nik ere Japoniatik Euskal Herrira zerbait ekarri behar nuela. Rakugoa ekartzea bururatu zitzaidan. 

Zaila izan al zen ideia hori gauzatzea? 

Hasieran, pentsatu nuen rakugoak euskarara itzuli eta liburu bat argitaratu nezakeela. Aldiz, ez zen ideia ona, rakugoak ahozkoak direlako, eta idatziz ez dutelako grazia handirik egiten. Zergatik ez, beraz, aktore euskaldun bati rakugoak egiteko eskatu? Azpeitin badut lagun bat, Axen Escalada antzerkilaria, eta berari egin nion proposamena: berehala eman zidan baiezko borobila, eta halaxe hasi ginen euskal rakugoak egiten 2012an; iaz, gainera, beste bi lagun hasi ziren gurekin rakugolari lanetan. 

Nolako harrera izaten ari zarete?

Nik banuen kezka: umorea kulturaz kultura aldatzen den zerbait da eta, agian, Japonian grazia egiten zigun zerbaitek ez zizuen zuei batere graziarik egingo. Zorionez, orain arte leku guztietan egin dute parre. 

Zuri nola piztu zitzaizun euskararenganako jakin-mina?

Hizkuntzalari gehienek bezala, nik ere ohikoa ez zen hizkuntzaren bat aztertzeko gogoa nuen. Japonian badugu hizkuntza gutxitu bat, ainu hizkuntza, baina horrezkero hainbat hizkuntzalari ari ziren hori aztertzen; irakasle batek euskara ikasteko talde bat sortu zuen, eta izena eman nuen, beste hiru lagunekin batera. Oso giro ona genuen. 

Zerk harritu zintuen gehien euskaratik?

Egiturak. Euskararen sintaxia ez da batere ohikoa. 

Japonierarekin ba al du egituran antzekotasunen bat, ezta?

Antzekoa da hitzen ordena: "Ni ikaslea naiz" esateko, orden berean esaten dugu Japonian. Aldiz, ezezko esaldietan euskararen egitura oso ezberdina da.

Azpeitiko aditzak aztertu zenituen zure masterraren lanean. Zergatik aukeratu zenuen euskalki bat, eta ez batua?

Ahozko hizkuntza interesatzen zait gehien, eta beraz nahiago nuen euskalkiak aztertu. Masterra ikasten ari nintzela, ez nuen Euskal Herrira etortzeko dirurik, eta Tokion bertan bilatu behar izan nuen euskaldun bat. Kasualitatez, azpeitiar bat aurkitu nuen, eta horregatik aztertu nuen Azpeitiko hizkera-

Hiztegi bat ere prestatzen hasi zara...

Aspaldi hasi nintzen, argitaletxe batek eskatuta, baina ez dakit noiz bukatuko dudan...

Etortzen hasi zinenetik, zer bilakaera ikusi duzu euskararen erabileran?

Hiztun kopurua handitzen ari da. Duela hogei urte gaur egun baino askoz zailagoa zen Donostiako alde zaharreko taberna batean euskaraz eskatzea. Gaur egun zerbitzari gehienek euskaraz dakite. Ikastolek izugarrizko lana egin dute. 

Egoki ikusten dituzu euskara normalizatzeko abiatu diren politikak? Japonian ez da halakorik egin ainua berpizteko...

Orokorrean, bide onean ari zaretela iruditzen zait: hiztun kopurua asko handitzen ari da. Kalitateari dagokionez, ordea, kezkatuta egoteko arrazoiak ditugu: D eredua ez da nahikoa, zenbait gaztek euskara maila kaskarra dute eta ez dute erabiltzen.  

Ainuaren etorkizuna ilun ikusten al duzu?

Nahiko ilun. Oso hiztun gutxi gelditzen dira, hogeita hamar inguru, oso zaharrak guztiak.  Egia da gazteak berpizteko lanean ari direla, ikastaroak antolatzen, liburuak argitaratzen... baina zaila izango da. Hilzorian dagoela esango nuke. 

Rakugoa ekarri duzu Euskal Herrira... zer genero eramango zenuke Euskal Herritik Japoniara?

Bertsolaritza eramatea gustatuko litzaidake, baina zaila da hori, bertsoek arau asko dituztelako. Nobela batzuk itzulita aurkeztea gustatuko litzaidake. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide