Foronda bultzatzeko 40.000 euro gehiago bideratu ditu udalak

Erredakzioa 2016ko ots. 5a, 13:32

Gasteizko Udalaren eta VIA sozietatearen arteko lankidetza-hitzarmena luzatu da, Forondako aireportua sustatzeko. Bidaiarientzako hegaldi gehiago erakartzea da helburua.

Tokiko Gobernu Batzarrak urtebetez luzatu du Gasteizko Udalaren eta VIA sozietatearen arteko lankidetza-hitzarmena, Forondako aireportua sustatzeko. Bidaiarientzako hegaldi gehiago erakartzea da helburua, azkenaldian Europako zenbait lekutara antolatu diren charter hegaldien antzera, hala nola, Berlin, Venezia, Budapest, Lisboa, Mosku eta San Petersburgora.

Beraz, Udalaren eta VIAren arteko hitzarmenak 2016ko abenduaren 31ra arte iraungo du. Aldi berean, 2017ko ekainaren 30era arte luzatu da aipatutako sozietateak Gasteizko aireportua sustatzeko egiten dituen jarduerak justifikatzeko epea.

“Forondako aireportuko jarduera berreskuratzea funtsezkoa da Gasteizko garapen ekonomikorako. Aurrerapauso handiak ematen ari dira logistikari eta zama garraioari dagokienez, eta hegaldi komertzialak sustatzeko ere ahaleginak egiten ari gara. Hala ere, alde batek ez die Forondaren beharrei erantzuten tokiko erakundeen neurri berean: Madrildik gure aireportuari oztopoak jartzen jarraitzen dute, beste aireportu batzuk lehenesten diren bitartean”, adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Gasteizko udaletik.

Gasteizko Udalak VIAri emandako azken ekarpen ekonomikoa 250.000 eurokoa izan da. Horri beste 40.000 euro gehituko zaizkio, aurtengo udal aurrekontuan aurreikusitako transferentziaren bitartez. Ahalegin ekonomiko horri esker, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Aste Santuan eta San Prudentziotan zenbait charter antolatuko dira Europako hiriburuetara; IMSERSOren hegaldi garrantzitsuak ere lortu dira, eta Gasteizera kostu txikiko konpainia baten hegaldi erregularrak erakartzeko izapideak egiten jarraituko da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide