Makilak eta abesbatzak nonahi, Santa Ageda bezperan

Erredakzioa 2016ko ots. 4a, 11:47

Arratsaldeko 16.00etatik aurrera, umeak protagonistak Plaza Berrian eta Probintzia plazan. 19.00etan taldea aterako da Folklore Akademiatik.

Bihar, otsailaren 5ean, Agate Deuna eguna izanik, gaur, bezperan, Euskal Herriko leku guztietan ospatzen den herri-tradizioa datorkigu. Gasteizen asko dira kaleak eta auzoak alaituk dituzten taldeak. Arratsaldeko 16.00etatik aurrera, esaterako, eskola ezberdinetako haurrak Plaza Berritik zein Probintzia plazatik pasako dira. Helduen taldeak beranduago elkartuko dira eta gauera arte luzatuko dira. Besteak beste, Folklore Akademiatik talde bat aterako da 19.00etan. Judimendin, gazte asanbladako kideak 20.00etan elkartuko dira Seffarad plazan. Zabalganan, 17.45ean abiatuko dira Zabalgana eta Mariturri ikastexeetatik. Talde biek auzoko kaleak zeharkatuko dituzte eta 18.30ean elkartuko dira Arkupedun plazan. Elkarrekin abiatuko dira Bastida plazara eta 19.00etan txokolatea eta gaztainak jango dituzte.

 

Nondik dator tradizioa?

Historiak dio Agate Deuna Sizilian jaio zela 230ean. Diotenez, neska polita omen zen, hori dela eta, Siziliako Quinciano gobernadoreak Agedaren amodioa lortu nahi zuen. Neskatoak, ordea, kristautasunean fede itsua zuen eta ez zuen honen proposamena onartu. Erantzuna ez zen Quincianoren gustukoa izan eta kartzelan sartu eta bertan torturatu egin zuen. 21 urte zituela hil egin zen. Hori guztia 251ko otsailaren 5ean gertatu zen. Agate Deuna mendebaldeko lehenengotariko birgina-martiria da.

 Hortaz, oinarrian zentzu erlijiosoa du ospakizun honek, izan ere, zentzu hori ia erabat galdu da Araban. Euskal Herrian Agate Deuna herriko mutil ezkongabeen zaindaria omen zen, soldadutzara joateko adina zutenak, hain zuzen. Taldeetan bildu eta etxez etxe kantatzera joaten ziren, jatekoren bat jasotzeko asmoz. Eskearen helburua anaitasun merienda edo afaria egiteko beharrezkoa eskuratzea izan ohi zen.

Egun, eskalearen profila anitza da eta mutil ezkongabeak ez ezik, umeak, gazteak, helduak, aiton-amonak…ateratzen dira Agate Deuna ospatzera. Iluntzean kalean nonahi topatuko ditugu abesbatzak, gazte-taldeak, kaikuak, txapelak, abarkak, saskiak, arrautzak, koplak, musika eta makilak, jakina!

Baina nondik dator makilaren erabileraren tradizioa? Antza denez, aipatutako mutilak gauez ilunpean ibili beharra izatea arrazoia, bideetan barrena baserriz baserri ondo ibiltzeko tresna baitzen. Kanturako, gainera, akonpainamendu bikaina bilakatu da makila.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide