Koroatze auzoa eraldatzeko proiektua abian

Erredakzioa 2016ko ots. 1a, 12:41

Gaur ofizialki martxan jarri da SmartCity proiektua Koroatze auzoan. Eraginkortasun energetikoa eta auzokideen bizi kalitatea hobetzea du helburu.

SmartCity proiektuak hasiera ofiziala izan du gaur. Bertan parte hartzen duten hiriek (Gasteizek, Tartuk eta Sonderborgek) helburu berdina partekatzen dute: hiriko auzoak berritzea eraginkortasun energetikoa lortzeko eta auzokideen bizi kalitatea hobetzeko. Horrez gain, mugikortasun jasangarria eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere izango ditu ardatz.

Gasteizen Koroatze auzoa izan da aukeratua, 1.313 etxebizitza dituena. Konkretuki, Koroatze, Arriaga ataria, Jesusen Zerbitzariak, Badaia eta Domingo Beltran kaleetan dauden etxebizitzei eragingo die proiektuak.

 

Aurrekontua

SmartEnCity proiektuak 75.500.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak barne). Zehazki, Gasteizko proiekturako aurrekontua 29.500.000 eurokoa da eta Bruselatik 10.880.000 euroko diru-laguntza jasoko da. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak eta Udalak jarriko dute. Hala ere, Koroatze auzoko bizilagunek ere kostuaren zati bat hartu beharko dute bere gain. Zehazki, proiektuaren gastuaren %30a ordaindu behar dute edo beste modu batera esanda, gutxi gora behera, etxebizitza bakoitza berritzeak kostatuko dituen 20.000 euroen erdia. Horretarako, hilean 85 euro ordaindu beharko dituzte, hamar urteren buruan.

Horren inguruko informazioa emateko, Visesak martxoan zehar hainbat bilera egingo dituela iragarri du, auzoko ordezkariekin. Horrez gain, Udalak publikoari informazioa eskaintzeko bulegoa irekitzeko asmoa du, hala ere, oraindik ez du oraindik irekitze-data zehatzik.

Proiektuaren helburuak

Esan bezala, SmartCities egitasmoaren xedea auzokideen bizi kalitatean hobetzea da eta horretarako honako ekintzak aurrera eramango dituzte: etxebizitzen energia-eskaria murriztea, Koroatzea auzoan birgaitze energetikoko proiektuak eginez; auzoa energia berriztagarriko bero-sistema sortzea; elektromugikortasuna abian jartzeko, hiriko mugikortasuna jasangarria sustatzea, ibilgailu elektrikoen eta hiri-logistikarako konponbide kolektiboen bitartez eta azkenik, energia kontsumoa monitorizatzeko eta kudeatzeko plataforma gauzatzea, hau da, IKTak integratzea, ezarriko diren sistemen kontrola eta jarraipena egiteko eta horien eraginkortasuna hobetzeko.

 Aurreproiektuak

Bestetik, eta hiriko auzo honetan egingo den erreforma ahalbidetzeko, hainbat aurreproiektu gauzatuko dituzte. Martxoa hasieralderako amaituta izango dituztela aurreikusi dute:

Hirigintza, mugikortasuna eta IKTak: Gasteizko Udala planteatu diren esku-hartzeen xehetasunak zehazten ari da: besteak beste, kale eta plazatxoen erreformak, trafikoa baretzeko neurriak, lorategiak hobetzeko lanak eta zerbitzu berrien abiaraztea aztertzen.

 Auzoko bero-sarea: Bero-sarearen trazatua eta galdarak eta beharrezko biomasa hartuko duen eraikina zehazteko lanetan dabil Visesa, hilabete batzuen muga-epean horiek gauzatzeko eta ustiatzeko lanak lehiaketara ateratzeko moduan. Udalak gogorarazi bezala, planak distritu mailako bero-sistema berri bat hartzen duela barne, biomasa bidezkoa, eta 1.300 etxebizitzako eremu bat hornituko duela. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak hasieratik beretik hartu zuten 1.300 etxebizitza horiek finantzazio-baldintza berak lor zitzaten konpromisoa, nahiz eta, Europar Batasunak zuzenean emandako diru-laguntzaren parte, gehienez 750 lagunek jasoko dute.

Birgaikuntza: Visesa inguru horretako etxe-atari ohikoenen tipologietako batean oinarritutako aurreproiektu bat ari da garatzen, eta otsailean hasiko da beste tipologia nagusienei buruzko idazketak egiten; beraz, herritarrek aukera izango dute SmartEnCItyk ahalbidetutako hobekuntza-aukerei buruzko xehetasunak ezagutzeko.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide