Zabalgana institutua sortzeko pausua eman du Jaurlaritzak

Erredakzioa 2016ko urt. 27a, 13:48

Aste honetan, ikastetxea eraikitzeko dekretua onartu du eta gaur amaitu da eraikuntza egiteko eskaintzak aurkezteko epea.

Eusko Jaurlaritzak Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutua sortzen duen Dekretua onartu du aste honetan. Izan ere, gaur, hilaren 27an, amaitu da eraikuntza altxatzeko eskaintzak aurkezteko epea.  Antza denez, asko dira proiektua gauzatzeko interesa agertu duten enpresak, Zabalgana Batuz auzo elkarteak bere webgunean adierazi bezala.

 

940 ikaslerentzako lekua

Iazko abenduan 13.609.428,01 euroko gastua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, Gasteizen Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutu berria eraikitzeko, IES Zabalgana BHI izena izango duena.

Ikastetxe berri honek DBHko zazpi lerro eta Batxilergoko lau izango ditu (940 ikasle hartzeko gaitasuna) eta Hezkuntza sailak azken urteetan eraiki duen Bigarren Hezkuntzako ikastetxerik handiena izango da.

Eraikuntza proiektuan jasotzen denez, institutu honen eraikin berria U formakoa izango da eta lau eraikin-gorputzek osatua: eraikin errektangular nagusi bat, erabilera orotarakoa, Zuazoko Atea kalean. Eraikin honek sarrera nagusia eta DBHko nahiz batxilergoko ikasleek erabiliko dituzten ikasgelak hartuko ditu. Eraikin nagusi honetatik beste bi eraikin-bolumen irtengo dira, U-aren bi besoak osatuz. Bata DBHko eraikina izango da (errekaren ondoan), eta bestea berriz Batxilergokoa. Eraikin hauetan ikasgelak kokatuko dira, eta bien arteko espazioan jolastokia egongo da. Azkenik, gimnasioa eta pista estalia hartuko dituen eraikin-gorputza DBHko eraikinari atxikirik egingo da.

Orotara eraikitako 11.369,83 metro koadroko azalera izango du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide