Haurren Kulturarako eskubidea aldarrikatuko dute asteburuan

Erredakzioa 2016ko urt. 27a, 11:41

Mundu mailan ospatzen den Small size day 2016 egunaren baitan kokatzen da Teatro Paraisok egingo duen ospakizuna. Jarduera honekin KunArte egitasmoaren Aste Santura bitarteko programazio berriari hasiera emango dio antzerki konpainiak.

Hilaren 29, 30 eta 31n Small size day 2016  ospatuko da 19 herrialde eta 33 hiri ezberdinetan, bertan, 65 ekimen artistiko gauzatuko direlarik; betiere Lehen Haurtzaroari (0-6 urte bitarteko haurrei) zuzenduak. Gasteizen ere egun hau ospatuko du Teatro Paraisok. Euskadiko hiri bakarra izango da, hirugarrena estatu mailan (Madrid eta Elcherekin batera). Horrela, haurren Artea eta Kulturarako eskubidea aldarrikatzen duen ospakizun honekin bat egingo du gure hiriak.

Hori dela eta, asteburu osoan zehar Teatro Paraisok Santanderreko Quasar Teatro konpainia izango du bere Abetxukuko Berrikuntza Artistikorako Zentroan. Gasteizera dator egonaldi artistiko bat egitera, zeinetan bitartekaritza artistikoaren kontzeptuan sakonduko duen, konpainia arabarraren eskutik.

 

KunArteren programazio berria martxan

Horrela, KunArtek Aste Santuraino helduko den programazio berriari hasiera emango dio, 0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta bere familiei zuzendutako tailerrak eta ikuskizunak proposatuz.

 Quasar Teatro tailer bat (larunbata 30) eta ikuskizun bat (igandea 31) eskaintzeko dator. Bietan, gerturatutakoei ura eta buztinarekin esperimentatzeko proposamena luzatuko zaie parte hartzaileei.

Proposamen hauei jarraiki, Santanderreko Escena Miriñaque konpainia, Txotxongilo Taldea, Teloncillo Teatro (Valladolid) edo Katarsis Teatro (Galizia) izango dira KunArten hurrengo hilabeteetan.

Aipamen berezia merezi du Teatro al Vacío mexikar konpainiaren bisitak; izan ere, 2015etik Teatro Paraísoren eskutik, eta Small size Europar proiektuaren harira, ikusleen Sorkuntza eta Formakuntza proiektu batean dihardu, konpainia arabarraren tutoritzapean.

Era berean, teknologia ere KunArten izango da, Droide Comunidad_ek martxo bukaeran emango duen tailerrean. Bertan txikitxoek Bee Bot ezagutu ahal izango dute, programazio, norabidezko lengoaia eta kontrolarekin esperimentatzeko aukera ematen duen plataforma.

Programazio guztia Teatro Paraísoren webgunean ikus dezakuzue.

 

#smallsizeday2016

Small size day  2015en martxan jarri zen europar proiektu honen nazioarteko egitasmoaren  bigarren edizioa alegia (bideoa ikusi). “Espazioa eta denbora Lehen Haurtzaroarentzat" lelopean hiritar gazteenen (0 eta 6 urte bitarteko horien) Artea eta Kulturarako eskubidea aldarrikatzea da bere xedea.

KunArtek, Berrikuntza Artistiko eta Lehen Haurtzaroaron Zentruak (Teatro Paraíso Small size_kokideetako bat izaki) bat egingo du jaialdiarekin. Horrela, Gasteiz gertakari hau ospatuko duen mundu mailako 33 hirietako bat izango da. Guztira, 19 herrialdek (India, Mexico, Finlandia, Polonia, Ingalaterra edo Danimarka, besteak beste) 3 egunetan zehar aldi berean 65 ekimen artistiko inguru gauzatuko dituzte, betiere Lehen Haurtzaroari (0-6 urte bitarteko haurrei) zuzenduak.

Small size day 2016k, 2015eko edizioarekin alderatuta ekimen kopurua areagotuko du. Guztira 65 izango dira, ikuskizun, tailer, hitzaldi edo instalazioak barne.

Sare sozialek zeresan handia dute ekintza honen jarraipen eta zabalkundean eta #smallsizeday2016 traolaren bitartez kontatuko dira asteburuan mundu mailan gertatuko diren guztiak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide