Gasteizko Plataforma Feministak atzoko eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko, 19.30ean Andra Mari Zuriaren plazan.
Indarkeria matxistaren aurkako konzentrazio hau atzo Gasteizen gertatutakoa salatzeko antolatu du plataformak. Gizon batek emakume bat erasotu zuen astelehen goizean eta ondoren, lehiotik bota zuen emakumearen 17 hilabeteko alaba. Adingabea Gurutzetako pediatriako zainketa intentsiboetako unitatean dago, garezur eta garun traumatismo larriarekin.
Gasteizko udalaren gaitzespena
Gasteizko Udalak "erabateko atsekabea eta gaitzespen handiena adierazi" du, atzo Gasteizen gertatutako ekintza larriak direla eta.
"Gaitzespen handiena erakutsi nahi dugu adingabe bati ustez egindako sexu-abusuak eta hiltzeko ahaleginak direla eta; delitu horiek epai instrukzioaren sekretupean daude. Espero dugu sumarioaren sekretu hori ahalik eta azkarren kendu ahal izatea eta gertatutakoaren inguruabar guztiak argitzea.
Gasteizko udalak prestutasun handiena eta halako egoera jasan duen familiari laguntza eta babesa berresten dizkio, atzo egin zuen bezalaxe, baita emakumeen edo adingabeen kontrako edozein indarkeria motako biktimak izan daitezkeen pertsona eta familiei ere.
Gasteizko Udalak erakunde eta gizarte kolektibo guztiekin lan egiteko konpromiso sendoa erakusten du, ez bakarrik halako eskubideen urratzeak artatzen eta konpontzen, baizik eta emakumeen eta adingabeen eskubideen aurkako delituen edo/eta jokabideen prebentzioan bereziki arreta jartzen".