Erradiazio-dosia gutxituko du Santiago Ospitaleko eskaner berriak

Erredakzioa 2016ko urt. 19a, 10:15

Aurten, Txagorritxu AUO modernizatzeko lanak eta Amurrioko zein Kanpezuko osasun-zentroak eraikitzekoak abiaraziko dira.

Santiago Arabako Unibertsitate Ospitaleak (AUO) eskaner berria estreinatu zuen atzo. Ekipamendu berria eskuratzeko 650.000 euro inbertitu dira eta aukera ematen du pazienteak jasotako erradiazio-dosia esplorazioko laurden batean murriztea, iturri bakarreko ordenagailu bidezko tomografien eskaner berriari esker.

Organo osoen perfusioak eta kolonoskopia birtuala egin ahal izango dira hesteak garbitzeko libragarririk edo enemarik gabe, hain da teknologia aurreratukoa. Azterketa kardiobaskular aurreratuak ere egin ahal izango dira, baita urologia-sistemako litiasia hauteman eta dituen ezaugarriak bereizi ere, horretarako zain barneko iododun kontrasterik eman beharrik gabe.

Segurtasun erradiologikoaz bestela, eskaner berriaren bizkortasuna azpimarratzekoa da, 10 segundo besterik ez duelako behar pazientearen gorputza osorik aztertzeko. Abantaila handia da politraumatismoak dituzten pazienteen kasuan. Gainera, eskaner berriaren bitartez, AUOko Erradiologiako profesionalek irudietako sarbidea izango dute Txagorritxun edo Santiagon jardun, eta beren arteko lankidetza areagotuko da. Hau da, diagnostiko medikoa oso denbora gutxian eman ahal izango da.

Iñigo Urkullu lehendakariaatzoko aurkezpenean egon zen eta eskanerra "Osakidetzaren Arabako zerbitzuak teknologikoki modernizatzeko bidean" beste aurrerapausu bat dela adierazi zuen. Gainera, lehendakariak gogora ekarri zuen pazientearen segurtasunean etengabe hobekuntzak egitea dela Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoetatik bat osasun-arretaren arloan.

Horren aldeko apustuak ez du izango etenik, esan duenez, eta aurten, besteak beste, Txagorritxu AUO modernizatzeko eta handitzeko lanetan aurrera egingo da eta Amurrioko zein Kanpezuko osasun-zentroak eraikitzekoak abiaraziko dira.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide