Gotzain berria, martxoaren 3ko auzia mahai gainean

Itsaso Estarrona 2016ko urt. 14a, 12:59
Argazkia: Gasteizko Elizbarrutia.

Martxoaren 12an izendatuko dute Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzain.

 

Gasteizko gotzain berriak, Juan Carlos Elizaldek, baditu jada etxeko lanak: martxoaren 3ko omenaldietarako San Frantzisko eliza erabili ahal izateko, bitarteko lanak egingo ditu Arabako Diputatu Nagusiak Ramiro Gonzalezek gotzaina eta biktima elkartearen artean. 

 Gotzain izendatua izan eta lau egunera etxeko lanak izaten hasi da Juan Carlos Elizalde: bera eta Martxoak 3 elkartearen artean bitarteko lanak egingo ditu Arabako Diputatu Nagusiak, Ramiro Gonzalezek, sarraskiaren 40. urteurrenean San Frantzisko eliza omenaldietarako erabili ahal izateko. 

Aurten 40 urte beteko dira poliziak bost gasteiztar hil zituenetik, greba egun batean Zaramagako elizan bilduta zeuden langileen aurka oldartu ondoren. Urteurrenaren ekitaldietarako tenplua erabili nahi du biktimen elkarteak, baina orain arte ezezkoa eman die elizbarrutiak. Gotzain berriarekin saiatuko dira datozen asteetan, eta horretarako bitartekotza lana egiteko prest agertu zen asteartean arabarren ordezkari nagusiak. 

Araban, berria

Arabako fededunek sorpresa hartu dute: hogei urtez gotzain izandako Miguel Asurmendiri erretiroa hartzeko ordua iritsita, Frantzisko Aita Santuak Juan Carlos Elizalde nafarra aukeratu du Gasteizko gotzain izateko, orain arte Arabako elizarekin harremanik izan ez duen arren.

Mezkiriz herri euskaldunean jaio zen Elizalde 1960an, Erro bailaran. Euskara menperatzen ez duen arren, ulertzeko gai dela dio. Gaztetan izendatu zuten apaiz, 27 urte zituela. Opuseko Nafarroako Unibertsitatean filosofian lizentziatu zen, eta Comillaseko Unibertsitatean Teologian. Nafarroan egin du orain arteko bere ibilbide osoa: Iruñeko apezpiku-bikarioa zen gaur egun, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko pastoralaren arduraduna. Martin de Azpilicueta eta Argaray elizbarrutiko unibertsitate-egoitzen zuzendaria izan da ere, baita bi elizetan  parrokoa ere. 

Gotzain gaztea da –55 urterekin ez baita kargu hori ohikoa–, eta pertsona mediatikoa; Navarra TVn Iglesia Navarra izeneko saioa egin du orain arte. Ikusteko dago Gasteizko elizbarrutiari zer norabide ematen dion.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide