Gasteizko aurrekontuei argi berdea

Itsaso Estarrona 2016ko urt. 15a, 20:35
Argazkia: Irabazi.

Negoziazio luze baten ondoren, aurrekontuak izango ditu Gasteizek: ados jarri dira udal gobernua eta EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazi. 

Gasteizek aurrekontu berriak izango ditu 2016rako: ekainaren 13an Javier Maroto alkatetzatik baztertzeko egin zuten modu berean, oraingoan ere Gorka Urtaran alkatearen lantaldea eta haren bazkide PSE ados jarri dira EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazirekin, hiriak proiektu ekonomiko berria izan dezan aurten, PP-k utzitakotik tira egin behar ez izateko. 

Aurrekontuak osoko bilkuran onartu ahal izateko, Udalaren zinegotzien erdia gehi bat dira beharrezkoak. Udalean dauden 27 eserlekuetatik, Urtaranen gobernuak bost ditu, eta sozialistek lau; bederatzi ordezkarirekin ez ziren, beraz, gehiengo osoaren 14 botoetara iristen. Negoziazioaren azken fitxa asteartean mugitu zuten EH Bilduk, Hemen Gaudek eta Irabazik, estrategia bateratu bat abiatuta. Horren gainean negoziatu dute egunotan taldeek, eta hainbat dira jatorrizko aurrekontu proiektuaren gainean egindako aldaketak. 

Lehenik eta behin, Aurrekontuak Betetzeko Araua aldatu dute, osoko bilkurak aurrekontuei buruz erabaki ahal izateko, orain arte udal gobernuak baitzuen horren gaineko ahalmena. Bestalde, "aldaketaren indarrek" (EH Bilduk, Hemen Gaudek eta Irabazik) diru-sail berriak adostu dituzte Urtaranekin, 10,6 milioi eurokoak. Horiek finantzatzeko, ezkerreko hiru alderdiek proposatutako finantzazio iturriak baliatuko dituzte: Olarizuko desjabetzeekin lortutako diru estra erabiltzea (3,6 milioi), iruzur fiskalari aurre egitea (1,8 milioi), Gilsa udal- enpresa publikoaren baliabideak erabiltzea (lau milioi) eta Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko zergaren bidez bidez diru gehiago biltzea (1,3 milioi), bai eta ur zerbitzua ematen duen Amvisa udal enpresarekin 1,8 milioiko zorra berriro negoziatzea ere. 

Diru horrekin, 150 aldaketa egingo dituzte hainbat arlotan: enplegu jasangarria, berdintasuna, LGTB pertsonen eskubideak, euskara, aldaketa klimatikoa eta tokiko merkataritza, baita gizarte politikak, parte-hartzea, oinarri-kultura eta kirol barneratzailea ere.  

Gorka Urtaran alkatea pozik agertu da, akordioak "udal gobernuaren helburuak indartzen dituelako", eta ezkerreko taldeek adierazi dute "Urtaranen proiektua bideratzen lortu dutela". 

Urtarrilaren 26an ezohiko Osoko Bilkura egingi du Udalak, eta bertan egingo dute proposamen ekonomikoaren onarpena.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide