Elkarbizitza hobetzeko diskoa grabatzen ari dira Oionen

Mirian Biteri 2017ko mar. 23a, 09:45

Herrian zabaldutako gaizki-ulertuekin eta zurrumurru faltsuekin amaitu nahi dute artea erabiliz.

Anitza da Oion: 3.500 bat biztanle ditu eta 20 nazionalitatetik gorako herritarrak. Bertan bizi diren komunitate ezberdinak agerikoagoak dira eta tinkoago heltzen diote beren nortasun kolektiboari, eta horrek bertakoek duten pertzepzioan du eragina, etorkin gehiegi daudela uste dute eta.  Bizikidetzarik ez da sortzen, eta gaizki-ulertuak eta zurrumurru faltsuak zabaltzen dira.

Herriko Bitartean Jolasean elkartea udalerriak bizi duen egoera horren jabe da, eta buelta eman nahian egitasmo parte-hartzailea martxan jartzea erabaki zuten orain dela bi urte inguru. Helburu horretarako, Artehazia elkartearen laguntzarekin, Komanditario Berriak taldea sortu zuten; zehazki, Oiongo bizitza sozialean inplikatuta dauden hamar bat lagunek artea bultzatzeko eratutako plataforma.

Maria Ezquerro da taldekideetako bat. "Artelana sortuz, hainbat gai landu nahi ditugu: batetik, pentsamendu kritikoagoa, hau da, gutxieneko ezagutzarik gabe eta beste kultura batekoa izateagatik soilik inor ez epaitzea. Halaber, pertsonak gerturatu eta elkar ezagutu eta erlazionatzea erraztuko duten puntu komunak ere bilatu nahi dira", azaldu du Bitartean Jolasean elkarteko ordezkariak.

Mursego, zuzendaritza artistikoan

Ez dabiltza bakarrik lan egiten. Idoia Zabaleta bitartekariaren laguntza dute. Taldean udalerriko beharrak zehaztuta, bitartekaria artista bat proposatzeaz arduratu da, behar horiei erantzungo duen lana sortzeko. Oionen kasuan, Mursego abeslariak hartu du horren ardura. Asmoa: uda parterako disko solidarioa grabatzea.

Guztira, bederatzi kantu izango ditu; herriko zurrumurruak, kexak edo bizikidetza bezalako gaiak jorratzen dira abesti horietan musika estilo ezberdinak erabiliz. Horrekin lotuta, honakoa adierazi du Ezquerrok: "Denetarik dago: kexen abesbatza, teknoa, umeek euskaraz eta arabieraz abestutako kantua, musika eskolakoena da beste bat, eta Oiongo musika talde batek ere parte hartu nahi izan du, eta baita ikastetxeetako irakasleek eta herriko bertsolariek ere".

Ehun lagun inguru

Proiektua parte-hartzailea izatea zen helburuetako bat, eta ez dago zalantzarik asmo hori betetzen ari dela. Ezquerrok eskainitako datuen arabera, 100 lagun inguru dabiltza modu batean edo bestean parte hartzen.  Eta kexen korua, esaterako, herritarren proposamenekin egin dute; herriko tabernetan, ikastetxeetan eta bestelako instalazioetan jarritako postontzietan 300 kexatik gora jaso dituzte.

Kantuak, esan bezala, sortuta daude; bakarren bat baino ez zaio falta Mursegori. Eta horiek grabatzea falta da orain. "Entseguekin gabiltza eta apirilaren 1ean eta 2an egingo ditugu lehenengo grabazioak. Oiongo zinean egingo ditugula uste dut", jakinarazi du Bitartean Jolasean elkarteko kideak.  
Asmoa da irailerako kalean izatea diskoa. Ezquerrok gaineratu du ez dela salgai jarriko: "Asmoa ez da dirua ateratzea. Diskoak oparituko ditugu, eta Internetetik debalde jaisteko aukera ere aztertzen ari gara".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide