alea.eus

"Haiei ere daukaten apur hori ematea gustatzen zaie"

Naiara Lpz de Uralde 2017-01-19 09:51   Gizartea  Arabako Errioxa  Oion

Uxue Fernandez-Andas, boluntarioa. Arabako Errioxako Brigadarekin batera, Chioseko kanpamentuan hilabete bat eman du errefuxiatuak laguntzen.

 

"Haiei ere daukaten apur hori ematea gustatzen zaie"
Bere denbora librean, Uxue kanpamentuetara joaten zen, errefuxiatuekin egotera. | U. Fernandez-Andas | Ikusi handiago | Argazki originala

Nola bururatu zitzaizun Arabako Errioxako Brigadan izena ematea?

Betidanik boluntario moduan jardutea nahi izan dut, hortaz Ekiloreak sareak eta Ongietorri Arabako Errioxara elkarteak antolatutako ekimen hau martxan jarriko zutela jakiterakoan bertan izena ematea erabaki nuen. 

Nola moldatu zarete Brigada osatzen duzuen gazteen artean? 

Oso ongi moldatu gara. Batzuk herri berekoak gara, beraz aurretik elkar ezagutzen ginen. Grezian, gainera, Zaporeak elkartearekin batera lan egin dugu, hortaz han sortutako giroa etxean egongo bagina bezalakoa izan da. 

Chios irlako kanpamentura iritsi zinetenean zein izan zen topatu zenuten egoera? 

Kanpamentua eta bertako egoera ikustea ikaragarria izan da. Orain tenperatura oso baxuak, haizea, euria edota elurra jasan behar dituzte, eta gehienek mendiko dendetan lo egiten dute. Badira etxeetan bizi direnak ere, baina dituzten baldintza txarrekin ezinezkoa da bertan eroso bizitzea. 

Eta zeintzuk izan dira zuen eginkizun nagusiak bertan? 

Goizeko 07:00etarako sukaldean ginen, sukaldariari bazkaria prestatzen laguntzeko, eta gero, 12:30ak aldera, platerak betetzen hasten ginen, 13:00etarako kanpamenduetan janaria banatzen egon behar ginelako. Guztira 200 plater inguru prestatzen genituen egunero. 

Zure ustez, bertara laguntzera joan behar diren brigada gehiago beharrezkoak al dira?

Bai noski! Han laguntzen duen jendea beti beharrezkoa da, eta ez bakarrik janaria banatzerako orduan, haiek gure konpainia asko eskertzen baitute. Guk denbora librea geneukan uneetan, kanpamentuetako jendea bisitatzera joaten ginen, haiekin batera egotera, eta euren bizipenak entzutera. Izan ere, asko eskertzen dute haiengandik egiten dugun guztia, eta beraiek ere daukaten apur hori eman nahi digute. 

Nola baloratuko zenuke bertan izandako esperientzia? 

Oso esperientzia positiboa izan da niretzat, horregatik, uda partean edo, hara itzultzea asko gustatuko litzaidake. Hilabete bakar batean beste errealitate bat ikusteko aukera izan ez ezik, haiengandik asko ikasi dut. Bizipen guztiak oso aberasgarriak izan dira, eta gainera, oraindik lan asko egiteke dago bertan. Hortaz, zalantza izpirik gabe, hara joateak merezi duela uste dut. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa