alea.eus

Lehenengo saioak izan dituzte Guardia eta Samaniegoko guraso eskoletan

Anakoz Amenabar 2016-12-16 12:18   Gizartea  Arabako Errioxa  Samaniego

Psikologo baten laguntzarekin, seme-alaben hezkuntzari buruzko orientabideak jasoko dituzte ikastaro hauetan.

 

Lehenengo saioak izan dituzte Guardia eta Samaniegoko guraso eskoletan
Asteartean bildu zen. lehendabizikoz, Samaniegoko guraso taldea. /Alea | Ikusi handiago | Argazki originala

Guraso taldeek bultzatuta, euren seme-alaben hezkuntzari buruzko eskolak antolatu dituzte Arabako Errioxan. Hilabete inguru daramate Guardian eta aste honetan bertan hasi dira Samaniegon. "Psikologo baten laguntzarekin, kezkak agertu, orientabideak jaso eta gurasoentzako topaleku moduan ere baliagarri dira", azaldu du Kuadrillako prebentzio komunitarioko zerbitzuko Yolanda Jimenezek. 

Umeek gauean lo nola egin behar duten ikasteko saioarekin hasi dira Samaniegon. Orientabide praktiko batzuk jaso dituzte  aste honetan gurasoek, eta baliagarri izan zaien azalduko dute hurrengo saioan. "Aukeratzen dituzten gaiak euren seme-alaben adinaren araberakoak izaten dira; ume txikiak dituztenen artean lotsa eta kasketak izaten dira ohikoenak, eta nerabeak dituztenen artean internet, sakelekoari buruzkoak edota drogak", nabarmendu du Jimenezek. Garai batean teknikariek eurek bultzatutako taldeak izaten zirela gogoratu du, baina gero eta gehiago gurasoek eurek sustatutakoak dira. "Ikusi dute etorkizunean arazo handiagoak saihesteko aukera ona izan daitezkeela tailer hauek; eta batik bat amak izaten dira, gizonak ere animatu nahi genituzke".

Kuadrilla guztian

Guardian eta Samaniegon abian jarri eta gero, beste herri batzuetara helduko da laster. Eltziegon datorren astean dute bilera saioak prestatzen hasteko, eta urtarrilean ekingo diote Lapuebla de Labarcan eta Oionen ere. "Jasotako orientabideekin batera, elkartrukerako saio interesgarriak izan daitezke; askotan, beste guraso batzuek emandako aholkuak baliagarri izan daitezke arazo txikiei aurre egiten jakiteko".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa