"Euskararen alde egindako lana goraipatzekoa da"

Mirian Biteri 2016ko abe. 7a, 08:08

Bi urterako joan zen Andoni Landa azpeitiarra Arabako Errioxara; dagoeneko 26 urte bete ditu euskara han eta hemen irakasten.

Zer egiten du azpeitiar batek Arabako Errioxan?
Iruñean ikasi eta Azpeitira itzulita, lanik gabe nengoen. Arabako Errioxan irakasle moduan zegoen ezagun batek bi urterako joateko proposamena egin zidan. Hasieran ezetz erantzun banion ere, parranda batean baietz esan nion. Etorri nintzen, berak bi urtera alde egin zuen, eta ni, berriz, gelditu. 26 urte pasa dira.    

Urte guzti horietan euskara irakasten aritu zara. Hortaz, ezagutuko duzu eskualdean euskarak izandako bilakaera...
Aldatu da, bai. Heldu nintzenean dagoeneko berreskuratze lanetan hasita zeuden; 10 edo 15 urte izango ziren hasita zirela. Garai hartan, ikastolak ziren B ereduan ikasteko aukera bakarra. Oraindik oso urruna zen euskara; beste gauza askorekin nahastu egiten zen. Gogoan dut behin, Gabonetan, Guardiako eskolan A eredua bakarrik zegoela, eta musika irakasleak Olentzeroren kantua erakutsi ziela umeei. Alkate izandakoaren emaztea joan zen zuzendariarengana kexuka. Horrek musika irakaslea klasetik atera eta esan zion ea ba ote zekien zertan ari zen. Horrelakoak etengabe.

Alde horretatik, aldatuko zen?   
Bai. Eskola publikoetan ere B ereduan hasita daude; hasita besterik ez, baina hasita. Baina oraindik badaude zenbait kasu etsigarri. Bat aipatzeagatik, Oiongo eskolako zenbait gurasok aitortu dute seme-alabak B ereduan sartu dituztela kanpotarrengandik bereizteko. Euskara erabiltzen dute erabili daitekeen gauza okerrenerako:umeak bereizteko.

Etorkizunera begira, lan asko dago orduan egiteko...  
Bai, izugarri. Kontzientzia lanak hemen gaindituta ditugu; eta orain motibazioan, erabileran eta ezagutzan egin behar dugu lan. Guzti horrekin jarraitu beharra daukagu.

Arabako Errioxako IKA euskaltegian zenbat ikasle dabiltza gaur egun?  
Eskualde mailan, 160 ikasle inguru ibiliko dira. Ez dira bakarrik Arabako Errioxakoak, Viana edo Mendabiara ere iristen gara. Bastidatik hasi eta Mendabiaraino goaz. Nafarroako herrietakoak Oionera datoz. Gero eta gehiago dira lanerako behar edo beharko dutela aurreikusten duten lagunak.

Euskararen Egunaren bueltan, zer mezu bidaliko zenuke?
Bi kontu nabarmenduko nituzke. Oraindik ere ez da batere baloratzen euskara; erraz jotzen da gaztelaniara, baita administrazioan ere. Euskarak toki guztietan egon beharko luke; hor izugarrizko lana dugu. Bestetik, ez dut egin behar denarekin bakarrik geratu nahi; egindakoa eta egiten ari dena ere goraipatzekoa da. Adibidez, pozgarria da zenbait gazte elkartu direla ikustea, txikien artean euskara sustatzeko. Bere alde positiboa ere badu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide