Kripan eta Guardia arteko erromes bidea egokitu dute

Anakoz Amenabar 2016ko aza. 14a, 16:01
Bide berriari esker, Bilar igaroko dute erromesariek, beste hainbat txokoren artean, / Martin Ttipia

Sorginetxe trikuharritik igarotzen da Ignaziotar Bidearen saihesbide berria.

Hainbat urte dira Arabako Aldundiak Ignaziotar Bidea hobetzeko egitasmoa abian jarri zuela, eta gutxinaka ari da ibilbidea osatzen. Ignazio Loiolakoak egindako bideari jarraiki, Azpeitiatik (Gipuzkoa) Mediterraneo aldera doan bidearen 86 kilometro igarotzen dira Arabatik, besteak beste, egokitu berri duten Bilarreko tartea.  

Joan den asteburuan amaitu zituzten erromes bidearen tarte berri honetako egokitze eta seinaleztatze lanak; etapa berri honekin, Kripan eta Guardia herriak lotu dituzte, Bilarretik igarota. Hala, aurretik egin behar zuten itzulinguru luzea saihestu nahi izan dute eta bisitarientzako erakargarri izan daitezkeen txoko berriak eskainiko dituzte. Natura, kultura, eta paisaia balio handiko tokietatik prestatu dute oraingoa; besteak bestea, Sorginen Txabola trikuharritik eta Guardiako hezeguneetatik igarotzen da bidea.

Guztira, 9,4 kilometro ditu saihesbide berriak, eta egokitze lanetarako 30.000 euroko aurrekontua izan dute. 

Mendizaleen bidea

Hasieran ibilbide erlijiosoa izan bazen ere, gaur egun mendizale askoren bidea bilakatu da (GR-120), santuaren ohar pertsonaletan oinarrituta. Bideak, orotara, 657 kilometro ditu eta, batez beste, 30 eguneko ibilaldia izan daiteke alde batetik bestera. Araban, Lautada, Mendialdea eta Araba Errioxako Kuadrillak igarotzen ditu, eta horietan guztietan natura, kultura eta gastronomia ezagutu eta zeharkatzeko aukera dute bisitariek. Ibilbidearen argibide guztiak (mapak, zerbitzuak eta bestelako datuak) caminoignaciano.org webgunean aurki daitezke.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide