alea.eus

Gertu dute mahats bilketa sasoian enoturismoa sustatzeko gida berria

Mirian Biteri 2016-09-27 11:58   Gizartea  Arabako Errioxa

Arabako eskaintza turistikoa Internet eta sare sozialen bidez zabaltzeko Arabako Diputazioak martxan jarritako ekimenen barruan dago.

Gertu dute mahats bilketa sasoian enoturismoa sustatzeko gida berria
Egilea: Baigorri upeltegia | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Diputazioak gida berria jarri du martxan; Arabako Errioxan enoturismoa bultzatzea du horrek helburu, mahats bilketa dela eta, datozen asteotan egingo diren askotariko jarduerak aprobetxatuz. Materiala www.alavaturismo.eus atariaren eta horri lotutako sare sozialen bidez zabaltzen ari da.  

Hain justu ere, mahats bilketaren, Arabako Errioxaren eta bertako ardoen, eta mahastizaintzako eta ardogintzako eskualde horretara iristeko ibilbide onenen informazio praktikoa eskaintzen zaie bisitariei, mahastien paisaien irudi ederrez lagunduta.

Mahasti artean

Horrez gain, mahats bilketa sasoian, inguruko upategiek antolatzen dituzten hainbat jardueren berri ere ematen du: esaterako, ardozaleentzat Baigorri upeltegiak mahasti artean eskainitako joan-etorri enologikoa eta gastronomikoa; edo Palacio upeltegiak mahats bilketa gertutik ezagutzeko prestatutako haur eta helduentzako jarduerak. Maria Garcia Ezquerro diseinatzailearen egitasmoa ere aipatzen da gida horretan.    

Araba helmuga turistiko moduan sustatzeko, Interneten eta sare sozialen bidez prestatutako ekimenen barruan dago aipatutako gida. Azken horren inguruan, Turismo Sustapenaren saileko diputatu Cristina Gonzalezek azaldu du turismoko webgune berriaren proiektua, uztailean abiarazitakoa, eta sare sozialak erabiltzea sustapen tresnak direla Facebook edo Twitter erabiltzen duten milioika erabiltzaileen artean.

"Hutsunea" bete

Modu horretan, Arabako eskaintza turistikoan zegoen "hutsunea" bete nahi izan dutela nabarmendu du. Eta gaineratu du, gaur egun, Araba Turismoaren bidez herrialdeko eskaintza turistikoak presentzia "oso aktiboa" duela sare sozialetan. "Araba Turismoaren Facebookeko orria apiriletik dago martxan, eta bost hilabete eskasean 2.601 jarraitzaile lortu ditu, eta argitaratutako informazio batek 125.444 jarraitzaile", iragarri du Gonzalezek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa