alea.eus

Samaniegok hartuko du igandean mahats bilketaren festa

Mirian Biteri 2016-09-14 16:51   Gizartea  Arabako Errioxa  Samaniego

Toti Martinez de Lezea idazleak botako du pregoia.

Egun potoloena igandea izango bada ere, larunbaterako ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Urtero moduan, bezperan, Errioxa jatorri deitura kalifikatua duten ardoen XXIII. lehiaketako sari banaketa egingo dute.

Jarraian, senidetzeak hartuko du Samaniegoko plaza. 2004. urtetik daramatzate Arabako Errioxako ardoa eta Eusko Labela duen produktu bat senidetzen, eta aurten, Ibarrako Piparra aukeratu dute. Dastatzea ere ez da faltako aurtengo edizioan.   

Igandeko festa handiari dagokionez, esan bezala, aipatzekoa da aurten Toti Martinez de Lezea idazle bizkaitarrak egingo dituela pregoilari lanak. Samaniegoko alkate Cristobal Zuñeda eta Kuadrillako presidente Joseba Fernandez aitortu dienez, jaietako pregoietan parte hartzearen oso zalea ez bada ere, gonbidapen honetan "erromatar garaitik lurralde honi loturiko lan eta langileak omentzeko" aukera ikusi du. 

Samaniegoko alkatea pozik dago Martinez de Lezearen baiezkoarekin: "Emakumea da, euskalduna eta gure kulturan erreferentzia ezaguna. Zer gehiago eska genezake?", nabarmendu du.

Sei euroren truke, sei ardo 

Pregoiaren eta lehen muztioaren dastatzearen ondotik, eskualdeko herri bakoitzaren ardoak dastatzeko aukera izango dute bisitariek. Sei euroren truke, kristalezko kopa eta sei ardo probatzeko txartelak jarriko dituzte salgai.  

Asko izango dira igandean Samaniegora joango direnak. Horretaz jabe dira antolatzaileak, eta hori dela eta, autobusa erabiltzeko gomendioa egin dute.  Gasteiztik, esaterako, 10:00etan irtengo da Lovaina plazatik. Irailaren 16ra arte eman daiteke izena, 945 200 100 telefono zenbakian.

Egitaraua:

Irailaren 17an

  • 19:30 Ardo lehiaketaren sari banaketa. 
  • 20:00 Ibarrako Piparraren eta Arabako Errioxako ardoaren senidetze ekitaldia.
  • 20:30 Ibarrako piparrekin eta baserriko txerriarekin egindako pintxo eta eskualdeko ardo dastatzea. 

Irailak 18

  • 11:00 Arabako Errioxako dantza taldeen emanaldia. Ardoaren Dantza.
  • 11:30 Pregoia eta ekitaldia. Muztiatzea eta lehen muztioaren dastatzea. Jarraian, ardo dastatzea.
  • 13:00 Aizkolarien txapelketa.
  • 14:00 Herri bazkaria.
  • Egunean zeharumeentzako ekintzak, musika eta kalejira eta artisauak eta labedun produktuak.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa