Sor-markari, enbido

Anakoz Amenabar 2016ko abu. 9a, 13:30
Upategiek mahats bilketaren festa ospatuko dute irailean. / Quintas

'Arabako Mahastiak' izeneko sor-marka berria abian jartzeko tramiteak hasi dituzte 42 upategik, ABRA Arabako Upategien Elkartearen eskutik; Errioxa Kontseilu Arautzaileak "traizioa" egin izana leporatu die.

 

Mus-partida bat irudikatu du Mikel Garaizabal enologo eta ardoaren kulturaren dibulgatzaileak. Hala imajinatu du Arabako Errioxako ardoarentzat sor-marka berri bat nahi duten upategien eta Errioxako ardoa kontrolatzen duen kontseiluaren arteko talka. Hasi baino ez da egin partida, haren ustez, eta luze joko du gainera: "Afera hau  ez da urtebetean edo bitan konponduko; upategien aldetik enbido bat izan da hau, baina hordago bat botatzea falta da". 

Artadi upategiak piztu zuen metxa, lehendabizi, Errioxako sor-marka utzi eta bide propioa egitea erabaki zuenean. Joan den abenduan jakinarazi zuen erabakia Juan Carlos Lopez de Lacallek, Artadi upategiko arduradunak. Eta, joan den astean, berriz, enbidoa bota zuten 42 upategik, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkartearen eskutik, euren ardoak babesteko sor-marka bat eskatzearekin batera. Arabako Mahastiak-Viñedos de Álava izena proposatu dute eskualdeko ardoak batuko dituen sor-marka izateko. Azken urteetan ezaugarri berdinak dituen ardoak sailkatzeko egindako lanaren ondorio dela nabarmendu du eskualdeko upategien elkarteak. "Elkarteak Arabako Errioxako mahastien ustiapena bermatzeko  alternatibak bilatu ditu, bereizgarri izango duen negozio-eredu baten alde, mahastiak balorean jarri eta historia errespetatuko duen eredu baten alde", adierazi du ABRAk ohar batean. Hori bideratu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren esku utzi dute 42 upategi horiek beharrezko dokumentazioa. 

Horren ostean, Nekazaritza Sailak aldizkari ofizialean argitaratuko du eta bi hilabeteko epea izango da alegazioak aurkezteko. Kexa horiek aztertu eta erantzun bat eman beharko die Jaurlaritzak. Jarraian, tramite horiek igaro ostean, Madrilera igorri beharko dute eskaera; Espainiako Nekazaritza Ministeriora bidali beharko da, hark Europako Batzordera igortzeko. Prozesu horretan hainbat hilabete igaro daitezke. "Ez da egun batetik bestera beteko den prozesua, ezta hilabete batzuetako prozesua ere, luze joko du honek", aipatu du Garaizabalek.

 Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 71. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide