Ardoa eta musika eskutik helduta datoz egunotan

Mirian Biteri 2016ko uzt. 8a, 09:23
Eltziegoko turismo bulegoa

Udarekin batera, ardogintza eta kultura uztartzen duten emanaldiak antolatzen hasi dira Arabako Errioxan. Musika Mahasti Artean egitarauari Eltziegoko Musika eta Ardoaren Astea gehituko zaio.

Uztailaren 1etik 10era, esaterako, Musika Mahasti Artean egiten ari dira eskualde osoan. Hilaren 8an, Guardiako Musika Elkargoak kontzertua eskainiko du Samaniegon. Larunbatean, Eltziegokoek Lantziegon jotzen duten bitartean, Villabuenan piano eta oboe emanaldia izango dute. eta igandean, azkenik, hiru hitzordu daude aurreikusita ziklo horren bueltan: Eltziegoko musika elkargoa Lapueblan de Labarcan izango da, 13:30ean; Eduardo Moreno Jazz Quarter ordu berean izango da Lezan; eta Kripanen Bastidako elkargoaren ikuskizuna dago, 20:00etan.

Eltziegon, beste alde batetik, Musika eta Ardoaren Asteari hasiera emango diote uztailaren 11n. Aurten ere Juan Claudio Cifuentes musikaria gogoan izango dute gogoan. Larunbatean, 20:00etan, Cifujazz aretoa inauguratuko dute eta ordubete beranduago, Cifujazz topaketa deitu dute lehen aldiz. Gasteiz Big Banden eta Cifujazz All Starren emanaldia eskainiko dute.

Antolaitzaileek gogorarazi dute ekintza gehienetarako plaza kopurua mugatua dela eta Eltziegoko turismo bulegoan egin behar direla erreserbak.

Eltziegoko Musika eta Ardoaren Astea, egunez egun:

  • Astelehena, uztailak 11: FOS upeltegira bisita gidatua, 12:30ean.
  • Asteartea, uztailak 12: Ardoaren usainak jolasa, udal igerilekuan, 20:00etan.
  • Asteazkena, uztailak 13: Ardo zurien dastatzea, Dani Peppermintek jarritako musikaz lagunduta, 20:30ean. San Roke baseliza ondoko landetan.
  • Osteguna, uztailak 14, Eltziegoko antzezturiko bisita, 21:00etan.
  • Ostirala, uztailak 15, Wine & Music dastatzea, Gil Nuñezen eskutik, 21:00etan, Encina parkean. Dastatzearen ondotik, askaria izango da. Jatekoa norberaren esku; ardoa eta postrea, berriz, antolatzaileek eskainiko dute.
  • Larunbata, uztailak 16, Cifujaaz aretoaren irekiera Casa de los Maestros-en, 20:00etan. Ordubete beranduago, Cifuentesen omenezko kontzertua, Gasteiz Big Banden eta Cifujazz All Starren eskutik. Plazan izango da musika emanaldia.
  • Igandea, uztailak 17, B3 Dixielanden kontzertua plazan, 20:30ean.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide