Ardo biltegi zaharrak arte-galeria bihurtzeko lanean dihardute Guardian

Mirian Biteri 2016ko eka. 23a, 09:46

Guido Val Helten muralista australiarra aurpegiak eta ardogintzarekin lotutako irudiak margotzen dabil ekainaren hasieratik Solar de Samaniego upategian.

Ardoa eta kultura uztartzen dituen proiektu berria dute esku artean Arabako Errioxan: Guardiako Solar de Samaniego upeltegian dabil azken asteotan Guido Val Helten muralista ardo biltegi erraldoiak margotzen.
Hain zuzen ere, azken urteotan erabili gabe egon diren eta aurrerantzean ere erabiltzeko asmorik ez duten hormigoizko siloetan dabil lan egiten muralista australiarra. Ez da zeregin erraza; hamahiru metrotik gorako altuera dute eta esandako biltegiek. Baina, Guido Van Helten ohituta dago horrelako baldintzetan lan egitera, eta, hortaz, "pozik" ari dela jakinarazi du.

Boluntarioak
Ardogintzarekin lotutako margolanak dira; baina, ez dira nolabaitekoak. Artelanak egiten hasi baino lehen, argazki kamara eskuan zuela, Arabako Errioxako inguruneak eta herritarrak aztertzen ibili da artista, eta, upategiko arduradunekin, castinga ere deitu egin du. Asmoa: margotzeko dituen zazpi ardo biltegietan bakoitzaren aurpegi iruditzeko prest zeuden boluntarioak topatzea..

Aukeraketa egin ostean, hilaren 6tik dabil australiarra artelanak egiten. Tartean, 40 urte upategian lanean daramatzan Rafa Bauza betikotu egin du. Aurpegiez gain, ardogintzarekin lotutako irudiak ere eramango ditu siloen hormetara; besteak beste, mahastietan lanean dihardutenena.

"Katedral txikia"
Egitasmo berri honekin "iraganari duintasuna" eman nahi izan diote. Solar de Samaniego taldeko sortzaile-zuzendari Cesar Leonek jakinarazi duenez xedea da eskualdeko jendearen eta ardoaren industriaren arteko hartu-emanaren "historia bisuala" islatzea. Guido Van Helek gaineratu du "ardogintzaren prozesua eta literatura" omendu nahi izan dituela modu horretan, erabili bariko gune "grisa", "katedral txikian" bihurtuz.

Esan bezala, orain arte itxita izan du Solar de Samaniego upategiak esandako gunea; bada, mural guztiak gertu daudenean, areto hori ere bisitarientzako zabaltzeko asmoa du.

Ez da ingurunean, turismoa erakartze aldera, taldeak martxan jarri duen proiektu bakarra. Beber entre lineas filosofiaren bueltan, ardoa eta literatura uztartzen dituzten hainbat ekintza garatu ditu. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide