Ekorako elur-zuloa berritu nahi dute

Mirian Biteri 2016ko mai. 27a, 07:00
Egilea: Enrique Ortiz de Zarate

Ekoran badute kultura ondare aberatsa; tartean, elurtegi zaharra. Horren garrantziaren jabe da Udala, eta turismoa bertara erakartze aldera, elur-zuloa berritzeko asmoa agertu berri du.

San Juan elizako atzeko partean dago. Oinplano biribileko eraikina da, eta harlanduzko lana da. Estalkiak kupula itxura du, eta garai batean, elurra sartzeko eta ateratzeko zuloa zuen; gaur egun, itxita dago hori.  Eraikina estaltzen eta babesten duen lurraz estalita dago ondarea.

Lehen aipamena, 1665ean
Aspaldikoak dira Ekorako elurraren salmentari buruzko lehen aipamenak: hain justu ere, 1665 urtekoak. Jakina da urte horretan Viana herriak Ekorako elurtegiko elurra erosi zuela.

Garai batean, ohikoak ziren elurtegiak. Arabako Errioxan, Erramu-igandean hasten zen horren salmenta, eta mahats bilketara arte luzatzen zen. Negua epela zenean eta elur gutxi egiten zuenean, Kantauri mendilerrora igotzen ziren haren bila Ekorako herritarrak.

Elurtegiaren berritzeari dagokionez, Ekorako alkate Joana Lopezek azaldu du dagoeneko Arabako Foru Aldundiko ordezkariei eman dietela asmoen berri, eta bertan izan direla elurtegia ikusten. Orain, ondarea sailkatzeaz arduratzen direnen zain daudela dio, horren balorea aztertu dezaten. Azken horren harira, honakoa aipatu du Lopezek: "Zehazteke dago oraindik bisita horren data. Dakiguna da elurtegia balioztatzera etorri behar direla. Ikusiko dugu zer irteten den azterketa horretatik, izan ere, elur-zuloan hainbat aldaketa egin dira eta".  

Hormigoizko lurra
Azken horren inguruan, azpimarratu du egungo lurra hormigoi armatuzkoa dela, eta hortaz, ez duela zerikusirik garai bateko lurrarekin; eta gogorarazi du elurtegiko sarrera ere itxita dagoela gaur egun. Horrez gain, aipatu du eraikina estaltzen duen parkeak hezetasuna eragiten duela barruan.

Asmoa da turismoa erakartzea eta horretarako zera egin beharko lukete: "Goiko parketxoa kendu beharko genuke, eta sarrera originala berreskuratu", esan du Lopezek. Bestalde, gaineratu du elur-zuloaren jabetza pribatua bada ere, bisitatzeko aukera dagoela egun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide