Iñigo Etxezarreta: "Gauza asko egon dira erdian, baina emaitzarekin oso pozik gaude"

Erredakzioa 2016ko urt. 15a, 09:06

Iñigo Etxezarreta, En Tol Sarmiento musika taldeko abeslaria eta gitarra, ALEA.fm-n izan zen urtarrilaren 12an, asteartean.

 

Hamar urte joan dira dagoeneko Arabar Errioxako Iekora herrian En Tol Sarmiento taldea sortu zenetik. Musikari gazteak batu ziren musika egiteko gogotsu, baina musika hori zelakoa izango zen gehiegi zehaztu gabe. Taldekide desberdinak izan ditu taldeak eta soinuak ere bestelakoak, baina azken urteotan SKA estiloa finkatu eta taldea egonkortu dela esan daiteke. Laugarren diskoa aurkeztu dute udazken honetan En Tol Sarmientoko kideek eta laster ekingo diote kontzertuak emateari.

Diska berria aurkeztu zenuten Durangoko Azokan. 'Beldurrik ez' izenpean laugarren diska duzue, zelakoa da abesti sorta berri hori, zeri ez diozue beldurrik?

Konturatu ginen egiten ditugun gauza askoren atzean beldur oinarri bat dagoela eta konturatu gabe egiten ditugu. Orduan, azkenean diskoarekin egin izan dana, zazpi abesti edo zazpi egoera desberdin aurkeztu eta zazpi egoeratan beldurra agertzen da. Saiatu izan gara diskoan beldur hitza zazpi egoera desberdinetan agertzea eta nolabait zazpi beldur mota azaltzea.

Zeintzuk dira diskoaren berritasunak?

Diskoa motzagoa da, zazpi abesti ditu. Abesti guztiak euskaraz dira, lehenengo diskoan gehienak erderaz ziren eta pixkanaka euskara sartzen joan gara. Musika aldetik ere saiatu gara zeozer gehiago egiten, zuzendu ditugu apaindura guztiak eta azkenean soinua gogorragoa edo rockeroagoa izaten bukatu da.

Euskara hutsean landu duzue diska hau. Zer moduzko esperientzia izan da, kontutan hartuta taldekide guztiak ez direla euskaldunak?

Ona. Egia da ni joan nintzela orain duela urtebete eta proposatu nien disko guztia euskaraz egitea. Erantzun zidaten guztia euskaraz egitea ez gaituela definitzen. Gehienak Errioxan bizi dira. Bata Najerakoa, bestea Logroñokoa, beste bat Extremadurakoa... Azkenean, hasiera batean gelditu zen horrela, baina gero ere konturatu ziren taldea lehenengo diskoarekin hasi ginela jotzen Araban, Bizkaian... Eta haiek bizi izan dute naturalki eboluzio hori. Hurrengo egunean esan zidaten aurrera joateko, falta zen azken pausoa baitzen eta zergatik ez. Zertarako sartu abesti bat erderaz, horrela politagoa geldituko dela eta zentzu gehiago izango du.

Baten bat ari da euskara ikasten?

Euskaldun bakarra ni naiz, baina egia da orain dela bi urte bi taldekide hasi zirela euskaltegietan. Bat Oionen eta beste Logroñoko euskaltegi batean. Baina azkenean lanarekin, taldearekin, bizitzak ez duelako ematen, haiek albo batera utzi zuten eta orain, paradoxikoki, Najerakoa sortu zuen euskaltegi bat bertan, Najeran, eta bera da euskaltegian dagoena.

Eta hau guztia musikaren bitartez.

Guztia hau musikaren bitartez. Gure taldean, bateriak ezik, beste guztiak euskaraz abesten dugu. Uste dut gustatu zaiela Euskal Herriko bizitzeko modua, ohiturak, kultura... Eta modu natural batean sartu dute. Meritoa haiena da.

E.T.S. izena zergatik? Nondik dator "En Tol Sarmiento" hori?

Tontakeria bat izan zen. Orain dela 11 urte, gu 15 urte genituenean, Errioxako herriko jai batzuetan atera zen izena. "Sarmiento" hitza gu erabiltzen dugun hitza da, mahatsondo adarrari "sarmiento" esaten diogu. Orduan, "sarmiento" hitza asko erabiltzen dugu. Hilabetera taldea sortu genuen eta orduan zergatik ez deituko gara horrela? Gainera, gure lurraldearen zatitxo bat eramango dugu izenarekin. Ez genuen inolaz ere espero bukatuko genuela horrela irrati batean eta Euskal Herrian jotzen. Izan genuen denbora aldatzeko izena, baina aurrera jarraitu genuen.

Urte hauetan nolakoa izan da ibilbidea? Nola aldatu da taldea, musikari dagokionez?

Taldea zerotik hasi zen. Orain dela 11 urte, bildu ginen udan, egin genuen entsaio bat, baina ez genekien ezer jotzen. Nik ez nekien gitarra jotzen, ez nekien ezer. Orduan, urte bat egon ginen geldirik eta ondoren zerotik hasi ginen. Uste dut musikalki beti egon garela kalidadea bilatzen, saiatu garela pausu bat ematen disko bakoitzean. Egia da, honetan zeozer desberdina egin nahi genuelako, esfortzu guztiak saiatu ginen biltzen zazpi abestietan eta hasieratik horrela pentsatu genuen. Guretzat zeozer desberdina da. Aurreko diskoetan ensaiatzen genuen, gero estudiora joaten ginen... Kasu honetan, grabatu izan ditugu pila maketa lokalean eta landu dugu gehiago. Nire aldetik ere, gitarrak konpontzeko orduan, denbora gehiago hartu dut eta ondorioz gitarra horiek ere gehiago ateratzen dira. Soinua rockeroagoa da. Estudioz ere aldatu dugu. Gauza asko egon dira erdian, baina emaitzarekin oso pozik gaude.

Zerotik hasi zineten eta begira non amaitu duzuen, Gasteizko Foru plazan jaietan kontzertua eskaintzen. Hamar urtetan. Horrek ere bertigoa emango du, ezta?

Niri pertsonalki bertigoa eman zidan orain dela pare bat urte. Gu egon gara zazpi urte jotzen zonaldetikan. Iekoran jotzen genuen, alboko herrietan... Noizbait igual kanpoan jotzen genuen, baina guk lortutako kontzertua zelako. Lehenengo diskoarekin ikusi genuen taldea gora zihoala eta egon zen momentu bat niri beldurra eman zidala.

Nola egiten zaio aurre bertigoari?

Saiatzen lurran egoten eta lanarekin jarraitzen, bizitza normal bat izanez eta entsaiatzen. Denborarekin gorputza orekatzen da berriro. Nahiz eta orain beste pauso izan, guretzat orain dela hiru urteko lehenengo pauso hori edo ikusten genuena etorriko zela, pixka bat beldurra eman zuen.

Nola daramazue jarraitzaileena? Nolakoa da haiekin duzuen harremana?

Oso garrantzitsua da gaur egungo taldeetan, nolabait, harreman hori izatea. Sare sozialak nik ez ditut eramaten, baina ni Gasteizen bizi naizenez eta beste taldekideek Logroñon, haiek ez dira hain ezagunak. Hasiera batean etorri zen beldur horrekin, ez zitzaiden gehiegi gustatzen taldeari buruz hitz egitea. Orain orekatu denez, naturaltasunarekin hitz egiten dut eta ez dut inolako lotsik esateko daukagun bizitza. Baina oso garrantzitsua da jendearekin izaten harreman hori.

Kontzertuen aurretik modu bereziren batean prestatzen zarete? Erritualen bat egiten duzue?

Ez dugu egiten. Esan zidaten ahotsa berotu behar nuela eta ez dut berotzen. Gero beste batzuk esaten dute tekila txupitoa hartzeko. Beste batzuk besarkatzen dira... Gu agian oso formalak gara, baina ez daukagu erritualik. Jo baino lehen, jartzen dugu intro bat eta intro horretan gizon bat ateratzen bada hitz egiten, Najerakoa beti dago eszenatokiaren atzean errepikatzen justo esan baino lehen, esaten duena. Asmatzen guztia. Guk barre egiten dugu eta tentsio hori kentzen dugu. Baina ez da prestatutako ezer.

Orain aurkezpen biran murglduta zaudete, hurrengo asteetan kontzertuak aurreikusita dituzue. Zeintzuk dira eszenatokiak? Gasteizera ere etorriko zarete?

Ostegun honetan, Bilboko Kafe Antzokian joko dugu. Larunbatean, Logroñon. Hiru urte daramatzagu bertan jo gabe. Otsailean egongo gara 40 Minutu Rock jaialdian, Durangon. Martxoaren 4an Donostin eta hemen Gasteizen martxoaren 19an, Jimmy Jazzen.

Azkar erantzuteko galdera sorta:

  • Plater bat: Lasaña
  • Txakurra ala katua: Txakurra
  • Kolore bat: Berdea
  • Mendia ala hondartza: Hondartza
  • Abesti bat: Let It Be, Beatles-ekoa
  • Kontzerturik onena: Foru plazakoa
  • Eta txarrena: Iparraldekoa, Lekorren
  • Liburu bat: La sombra del viento
  • Zientziak ala letrak: Zientziak
  • Amets bat: Lasai bizitzea
  • Ardoa ala sagardoa: Ardoa
  • Punka edo ska: Punka
  • Gaua ala eguna: Eguna
Erlazionatuak

Alea FM 2016-01-12

Erredakzioa 2016 urt 13 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide