Ongi Etorri Gernika 2017

Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba 2017ko api. 20a, 10:11

Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga ekitaldietara hiru zutabe abiatuko dira Gasteiztik. 

1937an, faxismoak Gernika bonbardatu zuen, ankerkeriaz, modu basatian. 2017an, 80 urte geroago, beharrezkoa da gertakari haren memoriari bizirik eustea, eta “aski da” esatea milioika lagunen ihesaldia eragiten ari diren beste Gernika anker horien aurrean. Europako mugetan gertatzen ari dena historiako beste sarraski handi bat da.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforman, laguntza humanitarioaz harago joan nahi dugu, ziur baino ziurrago baikaude salaketa politikoa dela pertsona guztiontzako justizia eta duintasuna erdiesteko ezinbesteko aldaketaren motorra. Ezin dugu onartu mugak atxilotzeko, gizatasuna kentzeko eta heriotza eragiteko eremu bihurtzea milioika lagunentzat. Hori dela eta, ekitaldi bat antolatzen ari gara, Gernikan, 2017ko apirilaren 29an eta 30ean. Bertan, Euskal Herriko, Espainiako estatuko eta beste herrialde batzuetako milaka lagun bilduko gara, egoera honi dagokionez gure sumindura eta gaitzespena adierazteko, gure gobernuen pasibotasunaren kontrako jarrera agertzeko, bai eta aukerak planteatzeko eta eraikitzeko ere. Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga honetan, mobilizazio jendetsua egingo dugu, “gerrarik ez” oihukatzeko eta migratzaile eta errefuxiatuei ongi etorriak direla esateko.

Apirilaren 29an, errefuxiatuei babesa agertzeko martxak egingo dira. Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatuta, zutabetan iritsiko dira Gernikara. Arratsaldeko 4etan, azken 3km. egingo dituen zutabe bakar bat aterako da Muxikatik, eta isilik sartuko dira Gernikan, bonben eraginez hil diren edo beren etxeak utzi behar izan dituzten pertsonen omenez; bide batez, salatu egingo dute 80 urte geroago gerra ikaragarri hauek ikusi behar izatea eta pertsona ugarik migratzen eta babesa bilatzen jarraitu behar izatea.

Apirilaren 30ean, gaien araberako tailerrak eta esperientzi mahaiak antolatuko dira: babes eta asilo-eskubidea; antimilitarismoa; feminismoa; faxismorik eta arrazismorik ez; antikapitalismoa; harrera-esperientzia; Hegoaldeko muga; desobedientzia. Guztiak ere esperientzia, konpromiso eta borroka sozial ugariak ikusgai jartzeko xedez, hala nola gerturatzen diren mugimendu eta kolektiboen artean sareak eraikitzen jarraitzeko.

Amaiera ekitaldian, erantzun eraginkor eta berehalakoak eskatuko ditugu munduan 65 milioi lagun baino gehiago jasaten ari diren egoera hau konpontzeko.

Zutabeak, Arabatik

Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabako kideok, Gasteiztik, hiru zutabe antolatuko ditugu:

Lehena, bizikletaz irtengo da apirilaren 28an, 11:00etan, Armentiatik. Otxandiorano joango da eta bertan ekitaldi bat egingo da herri horrek Gernikak bezala jasan zuen bonbardaketa oroitzeko. Gero, Zornotzara joango da lotara. Beraz, zakua eta esterilla eraman behar. Hilaren 29an Gernikara iritsiko da Muxikatik, gainerako zutabeekin batera.

Beste zutabe bat Muxikatik abiatuko da oinez Gernikarantz. Hiru kilometro inguru. Muxikara joateko autobusak jarriko dira Gasteiztik. Hilaren 29an aterako dira Prado kaletik. Irteera 14:30ean izango da, eta Gernikatik itzultzeko 23:00etan. Txartelak 10 euroan egongo dira salgai Gasteizko taberna hauetan: Erdizka eta Hala Bedi.

Zutabe feminista Muxikan elkartuko da 16:00etan, Gernikarantz joango den zutabe nagusiaren zati gisa abiatzeko. Emakumeen batukaden eta bandera hori eta moreen inguruan bilduko da. Emakumeen batukadek lagunduko digute ibilbidearen lehen zatian. Gernikako elastikoa eta besoko morea eramango ditugu jarrita. Besokoa norberak egin dezake kartulinaz, zapiz, xingolaz… Ez eraman pankartarik, txinorik edo erakunde izenik, asmoa errefuxiatuen martxaren antzekoa izatea baita. Emakume errefuxiatu eta migratzaileen egoera ikusarazteko: eraman emakume errefuxiatuen argazkiak foliotan, kartulinetan, bizkarrean jartzeko zapietan edo antzekoetan. Idatzi mezuak elastikoaren atzealdean, foliotan, kartulinetan, gorputzean…
Gernikan ikusiko dugu elkar! Denok Gernikara! Feminismoari Bai!

Etorri behar duzu baina, batez ere, etorri nahi duzu.  

Informazioa eta izena emateko: ongietorrierrefuxiatuak.info/gernika2017/eu

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide