"Atmosfera kaotikoa da; ezin da epe luzeko iragarpena egin"

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017ko api. 10a, 10:36
Gaubean bizi da Onintze Salazar meteorologoa.

Onintze Salazar, meteorologoa. Hodei bat bezala ibiltzen da egunero Onintze Salazar ETBko Eguraldiaren zuzendaria, Kantauri isurialdetik Arabako barnealdera; eguraldia modu didaktikoan azaltzeko dohaina du.

Euskal Herrian, telebistan, eguraldia aurkeztu duen lehen meteorologoa da Onintze Salazar (Bilbo, 1971). ETBn hasi baino lehen Bartzelonan eta Madrilen "eguraldiaren emakume" bezala lan egin zuen. "Euskal Herrian ez dago ohiturarik, baina Bartzelonan, adibidez, ez zaie bururatu ere egiten meteorologoa ez dena aurkezten azaltzea". Esaten duenari buruz baino, janzkerari edo fisikoari buruzko komentarioak entzuteak nazkatzen du, baina eguraldiaren berri ematea da bere lanaren alde bat, eta atsegin du. Salazarrek azpimarratu du ingurunea ezagutzea oso inportantea dela eguraldiaren iragarpenak egiteko. 

Martxoaren 23an ospatu zen Meteorologiaren Munduko Eguna. Hodeiak izan dira protagonistak. Zergatik?

Aurten munduko meteorologia erakundeak aterako du atlas eguneratu bat, eta gauza berri batzuk jasoko ditu, esate baterako, hegazkinak pasatzen direnean sortzen dituzten lorratzei izena jarri diete. Hodeiek informazio asko ematen dute, momentuko informazioa ematen digute, eta kasu askotan zer etor daitekeen ere, fronte baten aurretik iristen diren hodeiak ikusterakoan aurreikusi daiteke zer etorriko den hurrengo orduetan. 

Zergatik eguraldi iragarpenak ez dira beti betetzen?

Bi arazo nagusi daude. Bata, normala den bezala, teknologiak ez duelako lortu iragarpen horiek perfektuak izatea. Alde batetik, jakin behar duzulako momentuko egoera zehazki zein den eta ezinezkoa da jakitea atmosferako puntu guztietan, mundu osoan, zer egoera dagoen. Bigarrenik, erabiltzen diren eredu matematikoak edo meteorologikoak ez direlako perfektuak, ez dira zehatz-mehatz guztiz ezagutzen atmosferan gertatzen diren gauza guztiak; gainera ordenagailu bati ezin diozu eman nahi duzun informazio guztia denbora behar duelako kalkuluak egiteko. Baina funtsezko arazoa da atmosfera berez sistema kaotiko bat dela, horregatik iragarpen baten fidagarritasuna lehenengo lau egunetara mugatzen da, eta hortik aurrera fidagarritasun maila asko jaisten da.  

 

"Hodeiek informazio asko ematen dute, momentuko informazioa eta etor daitekeenaz ere"

 

Gaur esaten baldin badigute uda txarra izango dugula, zer pentsatu behar dugu?

Ez dugu kasurik egin behar. Egun, iragarpen horien fidagarritasuna ez da iristen %50era, beraz kasurik gehienetan okerrak izango dira; oinarri zientifikoa dute baina gehienetan ez dira betetzen. Guk aurreikusten dugunean biharko edo etzirako eguraldia fidagarritasuna %80 ingurukoa da; ezin dugu esan zehatz-mehatz zein ordutan hasiko den euria egiten, non, eta zenbat botako duen, baina frontea iritsiko dela bai, eta euritara joko duela, eta zer tenperatura izango dugun %80-%90ean asmatzen dugu. Urtaroko iragarpenaren fidagarritasuna, aldiz, %30 eta%40 artekoa da, horregatik Euskalmetek ez ditu egiten.

Nola egiten dituzue iragarpenak?

Egin behar den lehenbiziko gauza da jakin momentu zehatz horretan zer daukagun, horretarako meteosat, satelitea, radarra, estazioak... ditugu. Tenperatura, haizearen indarra, norabidea, hezetasuna... datu horiek bildu egiten ditugu, erradiografia antzeko bat egiten dugu une horretan zer egoera dugun ikusteko, eta gero erabiltzen ditugu eredu meteorologikoak, isobara mapak fronteekin, eta prezipitazioen mapak, tenperaturarenak; datuak tratatu behar ditugu. Lan horretan bertakoa izateak garrantzi handia dauka.

Zergatik? 

Eredu horiek ematen dizkizutelako datu batzuk baina zuk ezagutu behar duzu zure ingurunea. Demagun ematen dizutela fronte bat etorriko dela baina hego-haizearekin, ondorioz zuk badakizu ipar isurialdean, adibidez Bilbon, euri gutxi egingo duela, eta Araban barnealdean euri gehiago, eta iparretik baldin badator fronte bat alderantziz izango da; hori ereduetan ez da ondo ikusten.

Orduan, mugikorrek ematen dizkiguten eguraldi iragarpenak ez dira uste dugun bezain zehatzak.

Ez badira tokiko zerbitzu meteorologikoaren app-ak, modu automatikoan ematen dute iragarpena, hau da, ez dago meteorologo bat, ideia bat egiteko balio du, baina ez dago pertsona bat datuak aztertzen eta ingurunera egokitzen. Elur-mailarekin gertatzen da, makinek batez besteko balio bat ematen dute, baina ingurua ezagututa meteorologoak badaki Agurain inguruan haize mota bat baldin badago, gehiago botako duela edo gutxiago; makina batek ezin du hori aurreikusi. 

Zenbat aldiz entzun duzu Euskalmeteko eta Aemeteko iragarpenek ez dutela bat egiten. Egia al da?

Orokorrean bat egiten dute. Gertatzen dena da arazoak sor ditzakeen egoera baten aurrean, adibidez elur-mailarekin askotan gertatzen da, Euskalmetek eta Aemetek ez dituztela zertan eredu berdinak erabili behar, eta ez dituzte erabiltzen. Gehienetan ereduek gauza bera esaten dute, baina batzuetan ez.

 

"Gaur esaten baldin badigute uda txarra izango dugula ez dugu kasurik egin behar"

 

Eredu kontserbadoreak edo aurrerakoiak daudelako?

Ez. Ereduak desberdinak direnez, batzuetan bat egiten dute, eta beste batzuetan ez. Eta gero dago bakoitzaren egiteko modua. Esate baterako, Euskalmetek erabiltzen duen elur-maila da elurra zuritzen duen maila, beraz Euskalmetek ematen baldin badu elurra 800 metrora, zu egon zaitezke 500 metrora eta ikusi elurra botatzen baina ez du zurituko. Normalean Aemetek ematen du elurra botako duen altuera, eta horregatik beherago ematen du beti; hori izan daiteke arrazoi bat, eta beste bat da eredu desberdinak erabiltzen ditugula. 

Alerta bat emateko orduan presionatuta sentitzen zarete?

Gure lana da aurreikuspen bat egitea, eta gero erabakiak beste batzuek hartzen dituzte. Zer gertatzen da alertekin? Batetik dago iragarpen meteorologikoa eta bestetik dago arazoak egon daitezkeen ala ez neurtzea. Adibidez, beste herrialde batzuetan atari batzuk ezartzen dituzte, eta horiek gaindituz gero, abisu horia, laranja, edo gorria ematen dute, baina kontuan hartuz bakarrik atari horiek. Hemen, kontuan hartzen da iragarpen meteorologikoa eta dagoen egoera, atari batzuk daude eta horiek dira oinarria, eta gehienetan betetzen da, baina ez beti. Haizearekin adibidez, demagun ospakizun handi bat dagoela eta jende asko egongo dela kalean, abisua ematen da arriskua egon daitekeelako. Beti kontuan hartzen da iragarpen meteorologikoa, eta zer arrisku egon daitekeen.

Menpekotasuna dugu eguraldiarekiko?

Ez dut uste menpekotasuna dagoenik, gertatzen dena da lehen ez zegoela horrenbeste informazio, eta planak beste era batera egiten zirela, baina aukera baldin baduzu eguraldiaren arabera planak egiteko, are hobeto. 

Urtaroen arteko ezberdintasunak itxuragabetzen ari ote dira?

Datu gehiago behar dira hori gertatzen den jakiteko, baina ikusten ari gara udaberriaren hasiera azken urteetan aurreratzen ari dela, eta luzatzen ari dela.

Aldaketa klimatikoak zerikusirik al du? 

Suposatzen da baietz. Gertatzen dena da aldaketa klimatikoarekin ondorio sendoak lortzeko urte askotako datuak behar direla, eta Euskalmet gaztea da hori egiteko. Pentsa, datorren astean ziklogenesi leherkor bat datorrela, momentuz ez ditugu tresnak erlazionatzeko ziklogenesi hori aldaketa klimatikoarekin. Hori lortu ahal izateko, denbora gehiago behar da. Aldaketa klimatikoa oso apurka ematen da, eta modu orokorrean aztertu behar da.

 

"Meteorologian emakume gehiago gaude ikertzen, lanean, baina kostatzen da ardura postuetara iristea"

 

Muturreko gertaerak jazoko ditugu Euskal Herrian?

Dauden ikerketen arabera, muturreko gertaeren maiztasuna handituko da aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euskal Herria toki txikia da, eta gainera zortea daukagu itsasoa dugulako. Udak gero eta beroagoak dira, baina kostaldean itsasoak asko freskatzen du, eta aldaketa hauek ez ditugu horrenbeste nabarituko.

Ilargia, tenporak, esaerak, eguraldiarekin ditugun esperientziak… zientziaren laguntzaileak edo aurkariak dira? 

Bi gauza ezberdin daude. Tenporek ez dute inongo oinarri zientifikorik eta ez dute batere zentzurik, beraz horretan sartu ere ez gara egingo. Ilargiak ez du eragin zuzena eguraldian, ez du inork lortu hori demostratzerik. Ilargiak eragin handia dauka mareetan, baina grabitazio-indarra dagoelako, eta hori aztertu da, neurtu da eta oso-oso ezaguna da. Ilargiak ura mugitu dezake baina atmosfera desberdina da, eta horretan sor dezakeen eragina oso-oso txikia izango litzateke. 

Beharrezkoak dira zientzia gizarteratzeko ekimenak?

Guztiz beharrezkoak. Zientzia hitza bakarrik erabiltzeagatik jende asko ez da hurbildu ere egiten, eta pertsona batek kultura zientifiko minimo bat izatea oso inportantea da, bizitzan erabakiak hartzeko orduan lagunduko diolako. Zientziak bi alde ditu: egiten diren aurrerapenak eta ikerkuntzak, eta hori komunikatzea. Urte askotan egon da barrera bat, eta jendea oso urruti dago gugandik. Askotan gertatu izan da zientzialari bati bere ikerkuntza kontatzeko eskatu eta ez dakiela ondo kontatzen; jaitsi behar zara zure mundutik eta saiatu behar zara ulertarazten informazio hori.

Gizonezkoen mundua da meteorologia?

Zientzia arlo gehienetan bezala gizonen mundu bat da egun meteorologia. Hemen emakume gehiago gaude meteorologian, izan ere gehienak emakumeak gara, eta ETBn gauden meteorologoak hiru neska gara; egon bagaude, ikerketak egiten ditugu eta lanean hasten gara, baina goiko ardura postuetara iristea gehiago kostatzen da. Erresistentziak daude, baina meteorologia zientzia gaztea da eta Euskalmeteko edo ETBko lantaldea gaztea da ere, eta uste dut egunen batean apurtuko dela kristalezko sabai hori. Inportantea da meteorologian emakumezkoak izatea gehienak; irratietan eta telebistan entzuten eta ikusten gaituzte, eta erreferenteak sortzen dira neska gazteentzat.

Emakume batek telebistan eguraldia aurkezten duenean beti dago norbait bere fisikoari edo janzteko moduari erreparatzen diona. 

Balio duena da aurkezten duen pertsonak dakiena, eta nola kontatzen duen, horrek izan behar du garrantzia. Aurkezle gizon bati ez diote inoiz esango "a zer gorbata jarri dizuten gaur!", eta nesken kasuan beti, niri gertatzen zait, askotan gertatzen da, politikan gertatzen den moduan. Gustatuko litzaidake aurkezten azaltzen den pertsona hori ez izatea polita delako, baizik eta badakielako kontatzen kontatu behar duena; janzkera izango da ahalik eta neurtuena, ondo jantzita joatea, baino gehiago ez, modelito horiekin… Nik neuk neska horietako batzuk ikusten ditudanean telebistan bakarrik pentsa dezaket nola mugitzen diren eta nola doazen jantzita, eta interesatzen zait zer esaten ari diren, baina ezin dut, ez dut lortzen, maniki batzuk direlako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide