"Egiten ez dutena egitera behartu behar ditugu estatuak"

Anakoz Amenabar 2017ko mar. 23a, 12:17
Luis Galdos eta Carlos Gomez, Sareren egoitzan.

Oier Gomezen aldeko elkartasuna batu eta etxeratzeko lanean dira Carlos Gomez aita eta Luis Galdos medikua; Ewing sarkomak ditu eta tratamendu egokia emateko kalean egon behar duela uste dute.

 

Gogotsu eta indartsu dago Oier Gomez (Gasteiz, 1983),  familiak nabarmendu duenez. Pariseko Pitie Salpetriere ospitalean da urtarrilaren 10az geroztik, premiazko ebakuntza bat egin eta gero; bi hilabete zeramatzan bizkarrezurreko minarekin, eta larritasunez ospitaleratu zuten. Ewing-en sarkoma atzeman, eta erradioterapia eta kimioterapia tratamenduarekin dago ordutik. Larri gaixo dagoen presoaren aldeko mobilizazioetara deitu dute haren aita Carlos Gomezek eta Luis Galdos medikuak.     

Bisitarik izan duzue? Nola dago Oier?

Carlos Gomez: Bai, atzo izan nintzen harekin eta abokatua izan da gaur –joan den astean–. Telefonoz ere hitz egin dugu eta oso indartsu dago, egia esan ez dakit nola egon daitekeen horrela, baina animatuta dago. Eta ez dabil itxurak egiten, aita izateaz gainera laguna ere banaiz eta badakit indartsu dagoela. Baina baldintzak gogorrak dira; gela batean 24 ordu itxita, bera bakarrik... Bi hilabete dira baldintza horietan. Erradioterapia eman behar diotenean bakarrik ateratzen dute, astean bost aldiz edo lau, kimioterapiaren arabera.

Azkeneko mediku txostenaren arabera,  zein da haren egoera? 

Luis Galdos: Bizkarrean ebakuntza bat egin eta tumore bat kendu eta gero, kimioterapia eta erradioterapia tratamendu gogorra jasaten ari da, eta egoerak zertxobait hobera egin duela esan dezakegu.

C.G: Badu hankaren zati bat oraindik sentitzen ez duena, sarkoma kendu arren zati bat geratu delako bertan, kendu ezin diotena, eta ibiltzeko zailtasunak ditu; hamabost egun dira bakarrik bere kabuz altxatu eta komunera joan daitekeela.  Buruko minak ere izaten ditu eta ikusmenari ere eragin dio pixkat. 

L.G: Berak ere badaki egoera delikatua dela, ez dela erraza, eta tratamenduak zerbaitegatik ematen direla. Baina itxaropentsu dago, indartsu dago eta hori da transmititu nahi duguna.

Aurretik, 2013an, linfoma bat topatu zioten, ezta?

L.G: Garaiz aurkitu zuten, tratamendu egokia eman ahal izan zioten,  eta gaur egun ez dago haren arrastorik. Oraingoan Ewing-en sarkoma bat topatu diote, hezurretako tumore bat, hazteko ahalmen handia duena, eta horregatik ari da jasotzen tratamendu gogorra. 

Espetxeko baldintzekin da ospitalean.  

C.G: Bai, beste gaixoekin ez du harremanik. Barruko pasillo batetik ateratzen dute tratamendua eman behar diotenean. Kartzela bat da, ospital barruan. Sanitarioek artatzen dute, baina Fleuryko funtzionarioen ardurapean.

L.G: Kartzelak, dudarik gabe, ez ditu beharrezko baldintzak betetzen Oierri tratamendu egokia emateko. Preso den edonorentzat, kartzelako baldintzak desegokienak dira gaixotasun larri bat izan eta tratamendua jasotzeko. Tratamendu bera jasota ere, ondorioak ez lirateke berdinak barruan ala kanpoan egon. Pronostikoa okerragoa izango da espetxe barruan, eta premiazkoa da Oier kartzelatik atera eta etxera ekartzea, Osakidetzan beharrezko tratamendua jaso dezan. Horretarako ari gara borrokatzen.

Larri dagoen preso bati nola eragiten dio kartzelak?

L.G: Kartzela batean lehentasuna du segurtasunak, legeak, osasun asistentziaren gainetik, eta, beraz, horrek dena baldintzatzen du. Hainbat kasu ezagutu ditut, benetan salagarriak. Proba bat egiteko espetxetik mugitu behar dutenean, adibidez, lekualdaketa bera arazo bat izan daiteke, ankerra delako askotan; bularreko minbizia duen emakumea, besoa handituta duela, eraman izan dute eskuburdinekin, edo tratamendua eman bitartean ere. Eta, noski, osasunarekin zerikusirik ez duen motibo batengatik atzeratu egiten dira askotan probak, eta ikertzen ari diren gaixotasun horren pronostikoa aldatu daiteke, noski. 

Epailearen erabakiaren zain zaudete? 

C.G: Joan den astean pasa zen Oierren balorazioa egin behar duen peritua, ospitaleko onkologia zuzendaria, epaileari begira balorazioa eramateko, eta haren zain gaude. Gure eskuetan, bestalde, beste txosten bat dugu, artatzen ari den medikuarena, argi esaten duena baldintzak ez direla egokienak jasotzen ari den tratamendurako. Eskaera eginda dago, eta datozen egunetan espero dugu erantzun bat. 

Zer espero duzu, Carlos? 

C.G: Ezer gutxi, egia esan. Beti dago itxaropena baina... Ospitaleko gune normalera pasatzearekin bakarrik haren bizitza asko aldatuko litzateke, gaixo normal bat izatera pasako litzateke. Nahiz eta Parisen geratu, kondena bertan behera utziko balute, albiste ona litzateke: bisitak edukiko lituzke, pasillora atera ahal izango litzateke, kafe bat hartzera atera... Orain ezin du gehiegi ibili, baina behintzat pixka bat saiatzeko aukera izango luke. Gaur egun kartzelan dago, ospitalearen barruan, beste pertsonekin inolako harremanik izan gabe eramaten dute gela batera edo bestera; medikuek artatzen dute baina Fleuryko kartzelako funtzionarioen ardurapean dago.

 

 

Hainbat agintarirekin ere bildu zarete.

C.G: Gasteizen Sareren bitartez interpelazio egin dira. Diputatu nagusiarekin izan gara, Arartekoarekin izango gara... Baina justizia justizia da, eta adibide ugari dugu gure inguruan legea betetzen ari ez dena. Itxaropena beti dugu, noski, baina ez dizut esango baikor naizenik.

Larri gaixo dauden beste preso batzuk ikusita, zer pentsatzen duzue? 

L.G: Denak ari dira asko sufritzen. Euren familiatik aldenduta daude, eta guk, mediku modura, ezin dugu onartu sakabanaketa hori. Guztiak atera eta etxean egotea lortu behar dugu.

C.L: Oierrek bere egoera ezagutzera eman zuenean egin zuen baldintza batekin; ezagutzera eman nahi zuen baina betiere kontuan hartzen baziren gaixo dauden beste preso gaixoak. Ez du burua izan nahi, beste guztiak ahaztuta. Abenduan gose greba bat egin zuen gaixo dauden presoengatik, eta behin eta berriz errepikatzen zuen: ez naiz ni, preso guztiak dira.

Aurrera begira, beste pausorik ematea pentsatu duzue? 

L.G: Sareko kide bezala, hau sozializatu nahi dugu. Jendeak jakin behar du zer gertatzen ari den Frantzia eta Espainiako kartzela batzuetan,  oinarrizko eskubideak urratzen ari dira. Oier azkena da, baina beste hamabi daude oso baldintza txarretan. Ezin dugu onartu. Ezkutuan dagoen errealitate hau ezagutarazteko eragileekin elkartu gara eta manifestazioa antolatu dugu –maiatzaren 6an–. Estatuak eta prentsaren zati batek ezkutatzen duena argitara atera nahi dugu. ETAk borroka armatua utzi zuenetik egoera are okerragoa da kartzeletan; presoak beharbada gutxiago dira, baina larri gaixorik eta sakabanatuta dauden presoak gehiago dira. Eta hau guztia ustezko normalitate egoera baten barruan. Sistema demokratiko batek ezin du onartu halako eskubide urraketarik. Gizartea aktibatu behar dugu, politikoek eta Estatuek egin nahi ez dutena egiteko; egiten ez dutena egitera behartu behar ditugu Estatuak.

Plataforma bat sortu dute Oierren egoera ikusarazteko. 

L.G: Elkartasun guztia batu eta indarra egiteko modua da. Oier askatu, etxera ekarri eta bertan tratamendu egokia eman nahi diogu.  

Heltzen zaizkio Oierri abian jarri diren babes ekinaldiak? 

C.G: Oier oso ongi informatuta dago. Ekinaldi guztien berri dauka: Saretik egiten ari den lana, plataformatik egiten ari direna, lagunak... Jaikitzen den momentutik gauera arte pentsatzen du horretan, jasotzen dituen gutun eta babesetan. Eta eskertu nahi diegu guztiei eman dioten babesa. 

 

Manifestazioa, maiatzaren 6an

Sare herri mugimenduak larriki gaixo dauden presoek pairatzen duten egoera "bidegabea" dela salatu eta maiatzaren 6rako manifestazioa deitu du.

Oier Gomezen egoera salatzearekin batera, besteak beste, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Aitzol Gogortza, Manu Azkarate eta Ibon Iparragirre gogoan izan dituzte: "Espetxe politika horrek gizagabetasunari eusten dio, eta hori gogor salatu behar da", aipatu dute Sareko kideek. Hasiera batean apirilaren 8rako iragarri bazuten ere, ETAren armagabetze egunarekin bat ez egiteko atzeratu dute maiatzaren 6ra. 

Aurretik, larunbatean, martxoaren 25ean, Baionan egingo dute protesta, Bagoaz kolektiboak deituta, Gomezen eta gainerako preso erien alde deitu dute manifestazioa.

Gomezen egoera salatzeko, bestalde, hamaika ekinaldi antolatu ditu Oiertxo SOS plataformak. Ostegunero, 19:30ean, Iparralde gizarte-etxe parean, elkarretaratzea deitu dute, eta hilabeteko azken ostiraletan Iparraldetik bertatik, ordu berean, zutabe bat abiatuko da Andra Mari Zuriaren plazara. Plataformak azpimarratu du Gomezek etxean beharko lukeela, gaixotasun larriagatik, eta "legea bete dezala" eskatu diote Frantziako Estatuari. "Gaixotasun larri baten tratamendua ezinezkoa da preso dagoen pertsona batentzat, horregatik eskatzen dugu berehala askatzeko", adierazi zuten plataforma aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide