2017/03/22 09:00

LITERATURA

'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoaren 11. edizioa

'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoaren 11. edizioa
Araba

Euskaltzaleen elkarteek, Udalek, liburutegi publikoek eta liburu dendek elkarlanean 11. urtez antolatuko dute aurten Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa. 2017ko martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31ra arte iraungo du.

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez. Horregatik, prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.

Hiru pausu erraz:

  1. Irakurri. Lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan  eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal duzu.
  2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete bete: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dizu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  3. Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.

Abantailak:

  • Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango dizu!
  • Apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30€ko  balioa duen txekea zozkatuko da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.

Araban Agurain, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Gasteiz, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuian abiatuko da egitasmoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide