Lurpean, gardenago

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ots. 24a, 17:13
Zadorra ibaia, Gobeo aldean.

Arabako lurpeko uraren kalitatea azalekoa baino hobeagoa da; nitratoen kutsadurari aurre egiteko kontrol zorrotzak ezarri dira.

Lurpetik dator edateko ura, putzuetatik, akuiferoetatik eta iturburuetatik. Hartara, ur masa hauen gaineko kontrola ezinbestekoa da, bereziki  azken hamarkadetan, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboekin loturiko jarduerek nitratoen kutsadura areagotu  dutelako. Nitratoen kontzentrazio altuek pertsonen osasunean eragin dezaketen kalteak ez ezik, ingurumenean sortzen direnak ere nabarmentzekoak dira, besteak beste, eutrofizazioa. Gehiegizko nitrogenoak eragiten du eutrofizazioa, eta ekosistemen hondatzea dakar, bioaniztasuna nabarmen kaltetuz. 

 Europako Batasunaren lurpeko uraren putzuen %20 nitratoekin kutsatuta daudela kalkulatu dute. Araban, salbuespenak salbuespen, lurpeko uraren kalitatea ona da. "Azaleko urak ez bezala, Araban lurpeko urak ondo daudela esan dezakegu, salbuespenak daude, egia da, baina orokorrean kalitatean eta kantitatean onak dira". Hala ziurtatu du Iñaki Arrate, Ura Uraren Euskal Agentziaren Plangintza arduradunak. Are gehiago, azken urteetan jazotako bilakaera positiboa nabarmendu du, eta aurki aurkeztuko dituzten nitratoen inguruan egindako 2016. urteko azterketaren ondorioak aurreratu dizkio aleari. 

Gasteizko akuiferoa

Agentziaren behaketak, alde batetik, herrialdeko zonalde ahulenetan jarri du fokua, eta horretan Gasteizko akuiferoa izan da urte luzez kezka iturri nagusia. Eremu horretan berrogeitik gora puntuetan egiten dituzte kontrolak, urtero batzuetan eta bi edo hiru hilabetero besteetan. "Oso ezaguna da Gasteizko akuiferoaren kutsadura historikoa –esan du Arratek–, baina egungo egoerak ez du zerikusirik 90. hamarkadaren hasierako panoramarekin. Nitratoen kontzentrazioaren bilakaera positiboa eredugarria da; ez dut uste neurketa hobeagoak topatu daitekeenik ez Espainiako Estatuan ezta Europan ere". 

Nitratoak kutsatzeko arriskuan dagoen eremuaren definizioa  1991. urteko Europako araudi batek jasotzen du. Litroko 50 miligramo nitrato baino gehiago duten lurpeko urak kutsatuta eta arrisku larrian daudela jasotzen du aipatu araudiak,  eta ez direla kontsumorako erabili behar. Kopuru hori gainditzeko arriskuan dauden eremuak nitratoen kutsaduraren aurrean ahulak direla dio Europak. 1998. urtetik Gasteizko akuiferoa azken kategoria horretan sartu zen, eta ordutik hainbat neurri abian jarri dira erakundeen aldetik nitratoen gehiegizko kontzentrazioari aurre egiteko.

Ongarri kimikoak, mugatu

Gasteizen kutsaduraren iturburua  nekazaritza intentsiboarekin lotuta dago hein handi batean, eta hain zuzen ongarri kimikoen gehiegizko erabilerarekin. Hortaz, "praktika onak" ezarri dira erakundeen aldetik, eta bota daitezkeen ongarrien dosiari mugak ezarri zaizkio. "Landareari behar-beharrezkoa duena soilik botatzeko praktika sustatu da nekazarien elkarteekin batera, eta ibaien ondoan dauden hainbat gunetan, erabateko debekua ezarri da" azaldu du Urako teknikariak. 

Inguruko beste herrietan mindek ere nitratoen kutsadura handia eragiten dute, baina Araban abeltzaintza intentsiboak ez du presentzia handia eta ondorioz arazo hori ez dago.

Une honetan hiru zonaldetan banatuta dago Gasteizko akuiferoa, nitratoen kutsadurari dagokionez. Ekialdeko zonaldean (Eskalmendiko erreka, Arkautiko putzua, Ilarratzako iturburua, eta Salburuko zundaketa) teknikoek ez dute jaso 50 miligramotik gora egiten duen laginik; gainera, aurreko urteetako datuekin alderatuta bilakaera positiboena izan duen gunea da. Dulantzi izeneko zonaldean  ere (Los Chopos iturburua eta Gazetako erreka) ez dago Europako mugak gainditzen duen punturik.

Forondako eremua da emaitzarik txarrenak izan dituen gunea (Lopidanako, Ulibarriko, eta Antezanako iturburuak, eta Zandazarko zundaketa). Izan ere, 50 miligramotik gora atzeman dituzte hiru puntutan urteroko edo hiru hilabeteroko azterketetan. Joera aldakorra duen eremua duela agerian uzten dute datuek. "Foronda da arriskuko eremuen zerrendan sartu genuen azken zonaldea, eta horrenbestez kontrolak beranduago ezarri ziren –azaldu du Arratek–, baina dena den bilakaera positiboa izan da". 

Gasteizko akuiferoarekin batera,  Ebroko ur masa alubialaren segimendu berezia egiten ari dira Agentzian, Lantaron aldean, esate baterako. Izan ere,  bertan jaso dira nitratoen kontzentrazio altuak zenbait garaitan. Dena dela, oraindik ez dute zehaztu nitratoen kutsadura nekazaritzari egokitu behar zaion edo beste eragileren bat duen. "Nitratoen kutsaduraren jatorria ongarriketa kimikoa izan daiteke, baina baita industriaren jardueraren bat edo hondakin-urak ere, beraz edozein neurri martxan jarri baino lehenago jakin behar dugu zehatz-mehatz kutsaduraren jatorria non dagoen; nekazaritzatik ez badator eta sektoreari begirako neurriak hartzen baldin baditugu, sektorea kaltetu dezakegu".

Ebroko Ur Konfederazioak 2016. urtean argitaratu zituen datuen arabera, 50 miligramotik gorako kontzentrazioak aurkitu zituzten Lantarongo Leciñanan, eta Saratsun, eta Miranda de Ebrotik gertu dauden udalerriko beste lau iturburutan. Halaber, Zanbranako La Parra putzuan 79,7 miligramo nitrato litroko atzeman zituzten 2015. urtean.

Ebroko ur masaren kutsaduraren jatorria aurkitzeko, kontrol zorrotzak egiten ari direla adierazi du Agentziako arduradunak, neurri egokiak abian jartzeko asmoarekin. Eta beste horrenbeste egiten ari dira herrialdeko beste gune nagusietan, Subilla Gasteizko akuiferoan kasu. "Subillako akuiferoak duen garrantzia ikusirik kontrolak behar dira uraren kalitate ona ziurtatu ahal izateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide