Leza ospitaleko ikuztegia itxiko dutela iragarri dute

Anakoz Amenabar 2017ko urt. 30a, 10:05
Gaur egun lau beharginek egiten dute lan Leza ospitaleko ikuztegian. /Alea

Garbiketa zerbitzua pribatizatzearen kontra, sinadura bilketa hasi dute 'change.org' gunean.

Leza ospitaleko ikuztegia itxiko dutela jakinarazi die zuzendaritzak langileei.  Osakidetzak kudeatzen duen zerbitzua esku pribatuetara igaroko dela salatu dute beharginek, "baldintza kaxkarragoetan", eta protesta modura sinadura bilketa hasi dute change.org webgunean. 

Arabako Errioxako ESIko zuzendaritzak (Erakunde Sanitario Integratua) hilaren 13an jakinarazi zuen garbitokia itxiko zuela, gaur egun lau lagun ari diren gunea, eta zerbitzua Indesa enpresari emango diola. Horren arabera, lau lanpostu galduko dira; ikuztegiko langileak beste alor batzuetara igaroko dira eta behin behinean ari diren lau langile kaleratuko dituzte. "Pribatizazio prozesu orokorrago baten barruan kokatu behar dugu erabaki hau, Txagorritxun edota Santiagon egin duten moduan", azaldu du LABeko ordezkari Raul Castillok. Erabaki honekin, aurreko hitzarmen guztiak apurtzen dituela salatu dute Lezako ospitaleko langileek change.org ekinaldian, "zerbitzu publikoak pribatizatzen jarraitzen duelako, Osakidetzako beheko kategoriak desagertzeko beste pauso bat delako eta ezer ere inbertitzen ez duelako ESIren parte den Arabako Errioxako ospitalean".

Baldintza okerragoak

Era berean, pribatizatzeko hartutako neurriarekin  arropa garbitzeko langileen baldintzak "kaxkartzen" direla salatu dute. "Osakidetzak ikuztegia ematen dio Indesari, baina gero ez ditu kontuan hartzen langileen lan baldintzak", aipatu du Castillok, beste ospitale batzuetan gertatutakoari erreparatuta. Batez beste, langileen soldatak ez dira 1.000 eurora heltzen, eta hainbatena 717 eurokoa da.

Zuzendaritzak epe zehatzik eman ez badu ere, ikuztegiko garbigailuren bat hondatzen denean itxiko dute zerbitzua. "Kalandra oso zaharra dago, arazo asko ematen ditu eta edozein momentutan izan daiteke  pribatizazioa", azaldu du Castillok. Dagoeneko, 600  lagunek baino gehiagok eman diote babesa change.org webgunearen bitartez.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide