48 milioi gehiago bildu ditu Aldundiak, baina ez du aurreikusitakoa bete

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urt. 23a, 16:13
Arabako Ogasunak 2.041 milioi euro bildu ditu 2016an.

Foru Ogasunak 2015ean baino 48 milioi euro gehiago bildu ditu, 2.041 milioi euro hain zuzen; haatik ez ditu urrian egindako aurreikuspenak bete.

Finantzen Euskal Kontseiluan iragan urrian adostutako aurreikuspenen arabera, 2016. urtea amaitzeko 2015. urtean baino %3,1 gehiago bildu behar zuen Arabako Ogasunak, 2.054 milioi euro hain zuzen ere. Azkenean, 2.041 milioi eurotan geratu da diru-bilketa, 13 milioi gutxiago.

Aldundiak adierazi duenez, “aurreikuspenak bete egin dira Araban kudeatzen  diren tasei dagokienez” (zuzeneko zergak eta kudeaketa propioko BEZa), baina ez da berdin gertatu “estatuaren eta EAEko gainerako aldundien doiketak aplikatu ostean”. Behin doikuntza hauek egin ostean, hazkundea %2,4koa izan da.

Gehien hazi direnak

Gehien hazi diren zergen artean, Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga dago, “% 6,62 hazi baita, hau da, 39 milioi gehiago bildu dira tributu horren bitartez”. Hala, norberaren lanaren gaineko  atxikipenak ia %4 hazi dira (27,6 milioi euro gehiago), eta, “horrenbestez, berretsi  egiten da enplegu tasak egonkortu direla Araban”. Hazkunderik handiena errentaren gaineko zergaren kanpainan jazo da; “2015ean baino % 36,7 gehiago bildu da”.

Bestalde, ondarearen eta fortuna handien gaineko zergaren bidez %3,5 gehiago bildu da, eta sozietateen gaineko zergaren kanpainetan ere pixka bat gehiago bildu da (% 1,28).

Nabarmena izan da, Aldundiaren esanetan, kudeaketa propioko BEZaren bidez bildutakoaren igotzea (% 3,46). “Araban esportazioak nabarmen hazi diren arren, eta, beraz, zerga bilketan urritze bat izan den arren, Ogasunak lortu du aurreko urtean baino 14 milioi gehiago biltzea, eta horrek adierazten du kontsumoak eregora egin duela Araban”. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide