Gasteiz-Bilbo linearen kudeaketa auzitara eramatea aztertzen ari da Araba

Erredakzioa 2017ko urt. 20a, 14:02
Gasteiz eta Bilbo arteko autobus linearen eskumena berreskuratu nahi du Arabak.

Ibilbidearen %55,8 Arabako lurraldetik igarotzen dela azaldu du Aldundiak. Administrazio bidea amaituko du errekurtsoa aurkeztu aurretik.

Gasteiz eta Bilbo arteko autobus linearen kudeaketa auzitara eramatea aztertzen ari da Arabako Foru Aldundia. Zehazki, bi hirien arteko autobidetik doan linearen gaineko eskumena defendatu nahi du foru erakundeak. Legearen arabera, EAEn hainbat lurralde zeharkatzen dituen linearen eskumena linea horren ibilbideak kilometro gehien egiten dituen lurraldeko Aldundiari dagokio. Gasteiz eta Bilbo arteko zerbitzuaren kasuan, ibilbidearen %55,8 Arabako errepideetatik zehar igarotzen da; %44,2, ordea, Bizkaitik. Hori dela eta, Arabako Aldundiak zerbitzuaren eskumena berreskuratu nahi du. Izan ere, abenduan Bizkaiko Foru Aldundiak linea hori lehiaketa bidez esleitzeko lehiaketa abian jarri zuen. Linea horrek, hain zuzen, 800.000 pertsona baino gehiago garraiatzen ditu urtean.

"Erabaki hau arabarren interes orokorraren alde izango litzateke, eta auzitara eraman aurretik, administrazio bide guztiak agortuko dira", adierazi du Josu Lopez Ubierna garraio diputatuak. "EAEko Garraio Agintaritzak txostena eman berri du, eta prest agertu da Arabako eta Bizkaiko foru aldundien arteko bilera egiteko. Espero dezagun negoziazio eta akordiorako bidea irekiko duela" , gaineratu du. Negoziazioa eta akordioa ezinezkoa izanez gero, auzitegietara eramango du auzia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide